Larunbatean jokatu da 14-18 urte bitarteko Arabako Eskolarteko Txapelketa, Aramaion. Kultur Etxeko aretoa bete da eta giro bikainean joan da iluntzea. Maila oneko bertsoak entzuteko parada izan dute bertaratutako haur, gazte eta helduek.
Arratsaldeko 19:30ean hasi dira finlera iritsitako sei gazteak kantuan: Maddi Agirre, Iraide Onaindia, Sabin Abarrategi, Eukene De los Aires, Gari Arexolaleiba eta Hegoi Amabizka Gamiz. Motorrak berotuta, taula gainean seiak aritu dira kantuan, zortziko handian nahiz txikian, puntuari erantzunez edota hitza gaitzat hartuta bakarkakoan; maila ederra erakutsi dute denek ere.
Edizio honetan ere, Maddi Agirre egin da txapelaren jabe, hirugarrenez. Beraz, aurtengoan ere bere etxean izango du txapeldunek eskurik esku urtez urte pasatzen duten egurrezko mikrofonoa.
Horrenbestez, ekainaren 3an Durangaldean burutuko den Euskal Herriko finalean Maddiz gain Sabin Abarrategi aramaioarra ere arituko da Arabako ordezkari gisa. Urtez urte eta edizioz edizioz edertzen doan txapelketa da gurea. Jarraitu dezagun lanean, bertsoz bertso, Araba kantuz bustitzen.
Txapeldunaren agurra
Eskerrik asko Aramaio
guzti honen erruduna
muxu haundi bat Eukene
nire betiko laguna
Sabin, Hegoi, Gari, Iraide
a ze nolako jarduna
familiari, harriak
bihurtzeagatik luma
nahiz ez egon ahizparentzat
doa nire maitasuna
zuek juerga on bat bota
alai amaitu eguna (bis)
esku honetan baitago
Arabako etorkizuna
Jatorrizko albistea eta informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.