Katuko Muinoak taldea izan da garaile Kuadrillartekoan

Hamabi saio eta hiru finalaurrekoren ostean, Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa helmugara heldu da Laudion ospatutako finalarekin. Katuko Muinoak taldea gailendu da, Izena pentsau bida eta Errexala taldeak garaituta.

Urtarrilaren 27an eman zitzaion hasiera 2023ko Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketari. Hamabi saio eta hiru finalaurrekoren ostean helmugara heldu zen larunbatean, Laudion ospatutako finalarekin. Bat-bateko hamabi talde aritu dira aurten, eta beste hamabost talde idatzizko modalitatean; denera 280 lagun inguru.

Laudion eman zitzaion amaiera aurtengo Kuadrilla artekoari, finala eta jai eguna ospatuz. Bat-bateko hamabi taldeetako lagunak lanerako, bertsotarako eta gozatzeko prest. Talde bakoitzak beretik zekarrena emateko asmoz.

Goizean goizetik oholtza atondu, bazkaritarako mahaiak jarri, Laudio BHI institutuko kiroldegiak egun honetan bere ikuslegoari eskaini behar zion guztia prest egon zedin.

12:00ak pasatxo heldu zen Araban zehar ibilitako autobusa Laudioraino, jendea umoretsu eta eguneko jaiari gogoz heltzeko asmoz, egun polit bat bertso eskola eta eskualde ezberdinetako kideek elkarrekin pasatzeko aitzakia, Kuadrillartekoa. Gorbeialdeko eta Gasteizko trikitilarien doinuez lagunduta, poteoan abiatu zen jende andana Laudio erdialdeko kaleetatik, bertso aleek bereak eta bi egiten zituzten bertaratutakoen ikusmiran.

Bazkari herrikoian jana eta edana falta ez zen falta izan: babarrun jana sakramentuz atondurik, 90 lagun inguru elkartu ziren mahai inguruan. Bazkalostean, trikiaren doinuan dantzaren bat eta Intsixv taldearen alboka eta danbor soinuak entzungai.

Bertsolariak oholtzara igo aurretik, Kuadrillartekoaren sintonia eta 130 bat lagun saioko ale ederrak entzuteko gogoz. Dena prest final handirako, Arantxa Sobrino aurkezlearen ahotsak entzun orduko oholtzaratu ziren hamalau bertso lagunak, Katuko Muinoak, Errexala eta Izena pentsau bida taldeetako kideak.

Kantuan aritutakoak: Gasteizko Katuko Muinoko Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Xabier Antia eta Iñaki Viñaspre; Aramaioko Izena pentsau bida taldeko Manex Agirre, Martin Abarrategi, Sabin Abarrategi eta Danel Herrarte; eta Gasteizko Errexala taldeko Ainara Balantzategi, Marta De Pedis, Inaxio Trojaola, Patxi Alkorta, Kerman Lopez de Lacalle eta Felipe Zelaieta. Gai jartzaile gisa Nieves Del Alamo, eta epaitzen Iker Elexpuru, Oier Iñurrieta, Kristina Arteaga, Ekaitz Elorriaga, Ainhoa Aizpurua eta Aitor Jimenez.

Giroa alaitzeko moduko agurrak prestatu zituzten taldeek. Muinoko Alayak kanta popurria, euskal punk eta kanta modernoen arteko popurriarekin hasi dira aramaioarrak, eta Brayanen bizitza filmeko doinuarekin Errexalako kideak.

Zortziko txikian eman zioten hasiera saioari, ale ederrak entzun genituen: jatetxe garestietan sosak gastatzen ibilitako Eli eta Ainara, pisukideak ziren Manex eta Patxi... Suhiltzaile lanetan aritu ziren Unai Anda bertsolari neutroak esandakoei erantzunez. Seiko motzean, orain 30 urtetako musikariaren paperetik aritu ziren Ekaitz eta Danel. Puntuari erantzunez jarraitu zuen saio puntuagarriak. Iparragirre doinuan, etorkizunean Marten babes ofizialeko etxe bat egokitu zainen paperetik aritu ziren. Ganbarako lanaren aurretik puntuka aritu ziren talde denak.

Diegoren gitarra doinuz kantatu dute bertsolariek ganbarako lanean. Botilen papera hartu zuten bertsolariek, pasadizo ezberdinak gogora ekarriz.

Opari eta oroigarri gabe ezin zen amaitu aurtengo edizioa, eta bat-bateko zein idatzizko talde parte hartzaileek saritxoa jaso dute. Bertsolari finalistek, gainera, Unai Gaztelumendik egindako taldeko karikaturak jaso zituzten oroigarri gisa, eta Iñaki Viñaspre, Eli Zaldua, Ekaitz Samaniego eta Xabier Antiak landare bana jaso dute; Arabako bertsogintzaren sustraiak errotzen ari direlako, loratuko dira kimu berriak.

Beraz, eskerrik asko hau dena posible egin duten babesle eta laguntzaile guztiei, eta, nola ez, Laudioko Udalari eta Laudio BHI institutuari bere kiroldegia uztearren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago