Umorez eta arin joan da Kuadrillarteko hirugarren finalaurrekoa, Murgian. Pikoteo txiki baten ostean prest ziren bi taldeetako bertsolariak, biboteak eta turutak hartuta, gogoz prestatutako eta halere puntuagarria izango ez zen agurra bertaratuei eskaintzeko.
Katuko Muinoak taldeko kideak Eli Zaldua, Iñaki Viñaspre, Xabier Antia eta Ekaitz Samaniego dira. Txandrio taldean, berriz, Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta, Beñat Otamendi, Peio Artetxe, Eñaut Insausti eta Unai Bengoetxea aritu dira kantuan.
Gai jartzaile lanetan Lierni Altuna aritu da, eta saioa hiru epailek baloratu dute: Oier Iñurrieta Gasteizko Katuko Muinoak taldearen ordezkaria, Mikel Fernandez de Arroiabe Araba Errioxako Txandrio taldearen taldearen izenean, eta Aitor Jimenez Arabako Bertsozale Elkarteko epaile gisa.
Talde bakoitzaren agur kolektiboaren ondoren, bertsolariek hainbat ariketa kolektibotan aritu behar izan dira: binaka ofizioetan, hirunaka koplan, asmakizuna hirunaka... Entzuleen gozamenerako, umorez aritu dira saio osoan zehar.
Epaimahaiak erabakita, Gasteizko taldea arituko da finalean. Sailkatzen den hirugarren taldea da; Aramaioko Izena pentsau bida taldea lehen finalaurrekoan sailkatu zen, eta bigarren finalaurrekoan Errexala taldea. Martxoaren 25ean, egun osoko festaren inguruan izango da finala Laudion. Egon erne!
Murgiako finalaurrekoaren argazkiak hemen ikusgai. Eta informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.