Katuko muinoak (Gasteiz) eta Txandrio (Arabako Errioxa) taldeak izango dira lehiatuko direnak domeka honetan, Murgian, Zuiako udaletxeko aretoan. Mokadutxo bat eskainiko da 18:00etan, eta 18:30ean hasiko da saioa.
Katuko muinoak taldeko kideak Eli Zaldua, Iñaki Viñaspre, Xabier Antia eta Ekaitz Samaniego dira. Txandrio taldekoak, berriz, Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta, Beñat Otamendi, Peio Artetxe, Eñaut Insausti eta Unai Bengoetxea.
Gai jartzaile lanetan Lierni Altuna ariko da, eta saioa hiru epailek baloratuko dute: Oier Iñurrieta (Katuko muinoak), Mikel Fernandez de Arroiabe (Txandrio) eta Aitor Jimenez, Arabako Bertsozale Elkartearen izenean.
Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoetan:
- Agur kolektiboa (ez da puntuagarria).
- A taldeko batek B taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso.
- Aurrekoak atzekoei, A taldeko batek B taldeko hiruri eta alderantziz, gai emanda, aurrekoak 3 bertso eta atzekoek bertso bana.
- B taldeko batek A taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso.
- Hiru punturi erantzun zortziko txikian (B taldeko bertsolariak A taldeko bertsolariari eta alderantziz).
- Asmakizuna A taldeko hiru kideren artean, puntuka, A taldeko batek hitza jakingo du eta taldekideei erantzungo die 3 minututan. Ondoren B taldekoek ariketa bera.
- B taldeko bik A taldeko biren kontra ofizioka, Iparragirre doinua taldekidearekin erdibana osatuz, gaia emanda audio formatuan.
- Gaia emanda, talde bereko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta.
Urtarrilaren 27an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko hamabi taldek hartu dute parte lehen fasean, eta hiru astez hamabi saio egin ondoren, sei talde pasa ziren finalaurrekoetara. Lehen finalaurrekoa Agurainen jokatu zen, bigarrena Bastidako Kultur Etxean, eta azkena martxoaren 12an Murgiako udaletxean izango da.
Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Laudiko BHIko kiroldegian, martxoaren 25ean, finalean abestuko dutenak.
Informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.