Giro eta eta umore bikainean joan zen Bastidan jokatutako Kuadrillarteko bigarren finalaurrekoan. Pikoteo txiki baten ostean prest ziren bi taldeetako bertsolariak, pelukak, soinekoak, kartelak eta bestelako zintzilikarioak soinean jantzita, mimoz prestatutako eta halere puntuagarria izango ez zen agurra bertaratuei eskaintzeko.
Lautadako Beeeeeeertsolariak talderaren izenean, Aitor Najera, Jon Ruiz de Pinedo, Beñat Cano, Oier Arbina eta Markel Yoller. Eta Gasteizko Errexala taldean, Felipe Zelaieta, Ainara Balantzategi, Marta De Pedis, Kerman Lopez de Lacalle, Jokin Estepa eta Asier Otamendi bertsolariak aritu ziren kantuan.
Gai jartzaile lanetan Oier Suarez aritu zen. Saioa hiru epailek baloratu dute: Egoitz Iradier Lautadako Beeeeertsolarik taldearen ordezkaria, Juan Altuna Gasteizko Errexala taldearen taldearen izenean, eta Ekaitz Elorriaga Arabako Bertsozale Elkarteko epaile gisa.
Talde bakoitzaren agur kolektiboaren ondoren, bertsolariek hainbat ariketa kolektibotan aritu behar izan zuten: binaka ofizioetan, hirunaka koplan, asmakizuna hirunaka... Entzuleen gozamenerako, umorea nagusi izan zen saio osoan zehar.
Epaimahaiak erabakita, Gasteizko taldea arituko da finalean. Sailkatzen den bigarren taldea da: Aramaioko Izena pentsau bida taldea lehenengo finalaurrekoan sailkatu zen, eta hirugarren taldea martxoaren 12an, larunbatean, Murgiako udaletxean jokatuko den finalaurrekoan sailkatuko da.
Finala, berriz, hiru talderen artean jokatuko da, martxoaren 25ean, egun osoko festaren inguruan, Laudion.
Bastidako finalaurrekoaren informazio guztia eta argazkiak Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.