Aramaioko 'Izena pentsau bida' taldea garaile lehen finalaurrekoan

Arabako Bertso Kuadrillarteko lehen finalaurrekoa egin dute Aguraingo Zabalarten. Aramaioko Izena pentsau bida eta Gasteizko Bertxilika taldeak izan dira lehian bertan. Izena pentsau bida taldea gailendu da saioan, beraz Laudion, martxoaren 25ean, jokatuko den finalean abestuko dute.

Giro politean jokatu zuten Arabako Bertso Kuadrillarteko lehen finalaurrekoa Aguraingo Zabalarten. Mokadurako zizka mizken ostean eman zioten hasiera saioari.

Izena pentsau bida (Aramaio) taldearen izenean Martin Abarrategi, Danel Herrarte, Manex Agirre eta Sabin Abarrategi aritu ziren kantuan. Bertxilika (Gasteiz) taldearen izenean, berriz, Aroa Arrizubieta, Maddi Agirre, Hegoi Amabizka, Samuel Rodriguez eta Eukene De los Aires. Gai jartzaile lanetan Irati Martinez aritu zen. Saioa hiru epailek baloratu zuten: Iker Elexpuru Izena pentsau bida talderaren ordezkaria, Txomin Elorza Bertxilika taldearen ordezkaria eta Arabako Bertsozale Elkartearen izenean Ainhoa Aizpurua.

Talde bakoitzaren agur kolektiboaren ondoren, bertsolariek hainbat ariketa kolektibotan aritu behar izan zuten: binaka ofizioetan, hirunaka koplan, asmakizuna hirunaka... Epaimahaiak erabakita Izena pentsau bida taldea arituko da finalean. Sailkatzen den lehenengo taldea da.

Hurrengo bi larunbatetan jokatuko dira hurrengo bi finalaurrekoak, Bastidan eta Murgian. Bi saio horietan talde bana sailkatu da, izan ere, finala hiru talderen artean jokatuko da. Finala, martxoaren 25ean, egun osoko festaren inguruan izango da Laudion.

Argazkiak, kronikak eta txapelketaren inguruko informazio guztia Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago