Agurainen jokatuko da kuadrillen arteko lehen finalerdia

Bertso Kuadrillarteko Txapelketaren lehen finalaurrekoa ospatuko da igandean, Aguraingo Zabalarten, Aramaioko Izena pentsau bida eta Gasteizko Bertxilika kuadrillen artean. Martxoaren 25ean Laudioko finalean izango den lehen talde finalista erabakiko da.

Izena pentsau bida (Aramaio) eta Bertxilika (Gasteiz) taldeak izango dira aurrez aurre igandean, otsailaren 26an, Aguraingo Zabalarten. Mokadutxo bat eskainiko da 18:00etan, eta saioa 18:30ean hasiko da bertso saioa. Izena pentsau bida taldeko kideak Martin Abarrategi, Danel Herrarte, Manex Agirre eta Sabin Abarrategi dira. Bertxilika taldekoak, berriz, Aroa Arrizubieta, Maddi Agirre, Hegoi Amabizka, Samuel Rodriguez eta Eukene de los Aires.

Gai jartzaile lanetan Irati Martinez ariko da. Saioa hiru epailek baloratuko dute: Iker Elexpuru (Izena pentsau bida), Txomin Elorza (Bertxilika) eta, Arabako Bertsozale Elkartearen izenean, Ainhoa Aizpurua.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoetan:

  • Agur kolektiboa (ez da puntuagarria).
  • A taldeko batek B taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso.
  • Aurrekoak atzekoei, A taldeko batek B taldeko hiruri, eta alderantziz, gai emanda, aurrekoak 3 bertso eta atzekoek bertso bana.
  • B taldeko batek A taldeko batekin ofizioka, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Hiru punturi erantzun zortziko txikian (B taldeko bertsolariak A taldeko bertsolariari eta alderantziz).
  • Asmakizuna A taldeko 3 kideen artean, puntuka, A taldeko batek hitza jakingo du eta taldekideei erantzungo die 3 minututan. Ondoren B taldekoek ariketa berdina.
  • B taldeko bik A taldeko biren kontra ofizioka, Iparragirre doinua taldekidearekin erdibana osatuz, gaia emanda audio formatuan.
  • Gaia emanda, talde bereko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta.

Erakusketa

Gainera, Aguraingo finalerdian izango da bestelakorik. Iñaki Jauregialtzok buztina eta bertsoak bildu ditu Lur Bustian bertsolariak erakusketan.

Eskuz egindako zeramikazko 25 pieza biltzen dira bertan, buztin beltzez eginak, engobatuak eta esmaltatuak. Piezak bertsolariaren irudia eta haren bertsoak jasotzen ditu. Egitasmo horren helburuetako bat bertsogintza gizarteratzea da, aitzakia ederra Kuadrillarteko finalerdia esanguratsu diren Arabako bertsolariak bertatik bertara ezagutu, partekatu, zabaldu eta, bide batez, euskara esparru ludikoarekin lotzea.

Zabalarten zabalduko da erakusketa otsailaren 26an bertan.

 

 

Urtarrilaren 27an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko hamabi taldek hartu dute parte lehen fasean, eta, hiru astez 12 saio egin ondoren, sei talde pasa ziren finalaurrekoetara. Lehen finalaurrekoa Agurainen jokatuko da, bigarrena datorren larunbatean Bastidako Kultur Etxean, eta azkena martxoaren 12an Murgiako udaletxean.

Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Laudioko BHIko kiroldegian, martxoaren 25ean, abestuko dutenak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago