Kronika

Umore bikainez heldu diote Kuadrillek ligako bigarren asteburuari

Asteburu osoko egitarauan eta lurra esnatzeko Santa Agedako jai inguruan biribildu da Arabako Bertso Kuadrillarteko lehen faseko bigarren asteburua, Gasteizen, Agurainen, Aramaion eta Narbaxan.

Lehen faseko lau saio jokatu ziren asteburuan: Gasteizen, Agurainen, Aramaion eta Narbaxan. Saio horietako informazio gehiago beheko loturetan (kronika, argazkiak, bertso sorta idatziak...):

KRONIKAK

Hona hemen saio bakoitzaren talde antolatzailearen kronikistak bidalitakoa:

Katuko muinoak eta Ibarrako periferiak:

Ostiral iluntzea da, otsailaren 3a, eta Muinoko Etxean hiruzpalau katu urduri azken uneko prestaketa lanekin ari dira: garbitzen batzuk, ahotsa berotzen besteak, sukaldean ere bai baten bat. 20:30ean tantaka hasi dira iristen gonbidatuak, Ibarrako Perfieriak eta entzuleak, eta mahaiaren bueltan, estufa artean (soberan izan dituzte azkenean kamiseta termikoak aramaioarrek), eseri dira afaltzera.

Afalondoan, giro alaian, Irati Lotina aurkezlea altxatu da mikrofono ondora, eta iragarri du saioa hasi aurretik bertso idatziak entzuteko unea dela. Batek behin esan zuen bezala, "pertsona ezin da kartzelatik atera baina ahotsa ez dute gelditzen barrote eta paretek", eta Zaballako Bertso Eskolako kideen ahotsak entzun dira Muinoko Etxetik bi sorta kantatzen. Kantatu diote askatasunari, hitzari, bertsoari, indarrari, etsaiari eta espetxeari, baina, batez ere, bizipozari, "bizigogoa ezin da eten zigor legez kolpatua".

Hunkiturik eta gogotsu ekin diote ondoren bertso leihari: Ibarrako Periferiak taldeko bi kide originalak, Ane Arexolaleiba eta Iraide Oinandia, eta bi ordezko, Paula Amilburu eta Martin Abarrategi (Xabi Igoa eta Aitor Ugarteren ordez), eta beste aldean Katuko Muinoakeko Eli Zaldua, Iñaki Viñaspre eta Ekaitz Samaniego (Xabier Antia falta zen, eski txapelketa mundial batera joanda omen).

Saio eklektikoa izan da: modernoa, batetik (Ibarrako Perfieriaren agurra Shakira eta BZRen abestiaren doinuz); eta klasikoa ere bai, trikitixa eta panderoak lagundua.

Gaztetxean infiltratu den poliziaren gaiak eman du zer kantatu zortziko handian, obretan inor baino hobeto aritzen den nazionala asanbladatik ezin bota.

Puntu erantzunetan bikaina Viñasprek jaso duen egurra, Ane Arexolaleiba gaztea bai, baina ez baitzegoen txikitzat hartzen uzteko prest. Viñaspreren adinari barre egin dio lehenik Anek eta honek, erantzun nahian, bota: "Altu helduko zara altura horrekin", eta Arexolaleibak erantzun: "Baju erori zara komentario horrekin". Abetxukon ere entzun dira barre algarak.

Ganbarako ariketan puntuka egin dute terapia posmoderno batean elkartu diren hiru lagunek: bata gehiegi hitz egiten duelako, bestea hitzik egiten ez duelako, eta hirugarrena lagun imaginarioarekin soilik mintzatzen delako. Sendatu ez, baina paperean sartuta fin abestu dute bertsolariek.

Azken agurrak egin eta Katuko Muinoak suertatu dira garaile. Bertsoak onak izan direla eta ardoa hobea esanez amaitu behar zuen kronika honek; egiari zor, baina, gaztetxeko ardoa txarra da eta patxarana ona, eta lagunarteko giro epela are hobea.

 

Bertsolarriak (Mendialdea) eta Beeeeeertsolariak (Lautada):

Santa Ageda bezpera polita Agurainen

Larunbatean, otsailaren 4an, Aguraingo Astorreka elkartean Bertsolarriak eta Beeeertsolariak aritu ziren giro ezin hobean. Bertsolarriak taldean Eli Plazaola, Alberto Txasko, Miren Beitia, Txiki Antia, Xabi Lasa eta Itsaso Balza de Vallejo bertsolariek hartu zuten parte eta Beeeetsolariak taldean, berriz, Aitor Najera, Markel Yoller, Iker Pastor, Beñat Cano eta Jon Ruiz de Pinedok. 

32 lagun elkartu ginen eguerdi partean eta bazkaldu ondoren beste lagun batzuk ere gehitu ziren bertso saioaz gozatzera. Bazkari eder batez gozatu ondoren, bi bertso-eskoletako lagunek prestatutako bertso sortak guztien artean abestu genituen bat-bateko saioa hasi aurretik. Ondoren saio puntuagarriari hasiera emateko, agurren txanda izan zen. Bi taldeak elkar zirikatzen ibili ziren oso giro jatorrean. Entzuleak pozik, guztientzako izan ziren txaloak. 

Berehala Oier Suarez gai jartzaileak lanean jarri zituen bi taldeak. AHTko langileak entzun genituen lehenengo, aztarna batzuk topatu ondoren, lanak bertan behera utzi ala aurrera jarraitzea izan zuten eztabaidagai. Gai ezberdinak lantzeko aukera izan zuten bertsolariek: bikotea irekia bihurtu ala ezkondu, guardia zibila ere hortik azaldu zen.., Santa Ageda eguna eta opilak,etab. Ganbarako lanean denbora makinan sartuta ere ibili ziren, Afrika, Karibea…izugarrizko bidai politak egin zituzten baina berehala Astorrekara bueltan etorri ziren. Noski! Non hobeto bestela? 

Aintzira Gorosabelek bere kitarrarekin lagundu zituen bertsolariak azken lanetan. Batzuk ikas bidaian apartamendu aurrean giltzik gabe eta beste batzuk pisukideak, komun bakarraren aurrean eta danak sartu nahiean.Nahikoa barre egiteko aukera izan genuen.

Azkenik, agurrak abestu bitartean Fernando Sopelana, Egoitz Iradier eta Lorea Elorriaga epaileek erabakia hartu zuten: Beeeeertsolariak irabazle!!

 

Izena pentsau bida (Aramaio) eta Tratamendurik gabeak (Aramaio)

Izena Pentsau bida taldea nagusi Aramaioko derbian

Santa Ageda bezpera egunez jokatu da Aramaion bertako bi talderen arteko saioa. Egun berezia izan da herrian, egun osoz aritu baitira bertso eskolako kideak trikitixa eskolako eta abesbatzetako hainbat kiderekin batera eskean herriko auzo eta kaletan barrena.

Ohitura zaharrari bertso berriek eman diote jarraipena Ehiztari txokoan. Hasteko, Aramaioko Bertso Eskolako ikasleek egindako bertso sorta abestu dute bertan bildu diren 45 lagunek. Ondoren eman zaio hasiera Arabako Kuadrilarteko Bertsolari Txapelketako kanporaketari. Etxeko talde bezala, "Izena Pentsau bida" eta kanpoko talde gisara "Tratamendurik gabeak".

Umorez betea izan da saioa hasierako agurretatik hasita. Txistua lagun ekin diote etxeko taldekoek eta Santa Ageda eskean ohiko diren doinuak ere ekarri dituzte. “Tratamendurik gabeak” taldekoek ostera, Etxepe taldearen bertsio batekin hasi dute saioa.

Zortziko handian Martin Abarrategi eta Andere Arriolabengoa aritu dira nerabe biren paperetik, errealitateko egoerei erreferentzia eginaz, Abarretegik azkar ekarri ditu bere anaien izenak eta kasuak plazara. Jarraian, zortziko txikian aritu dira bertso eskolako bi gazte: Sabin Abarrategi eta Gari Arexolaleiba. Umoretik aritu dira biak ere entrenatzaile pertsonalaren eta hau kontratatu duenaren paperetik eta algara ugari egin du publikoak.

Lau oinak emanda abestu dute ondoren Arabako azken finaleko buruz-burukoan aritu ziren bi bertsolariek, ondoren esan dutenaren arabera, eskolarteko garaitik ez zuten ariketa hori egiten. Hala ere, zalantzak agertu dira publikoaren artean Agirrek sekula eskolartekoan abestu ote duen egun duen adina dela eta, askok diote, bera gazte zenean ez zela halakorik existitzen.

Azken puntua emanda Paula Amilburuk eta Manex Agirrek abestu dute eta hor ere zalantza izan da gai beraren bueltan. Puntu erantzunetan aldiz, saioko gazteenak (Txomin Abarrategi) eta Danel Herrartek egin dute, biek ere jaso dute txalo zaparrada bana.

Kartzelako lanean odol urdin askorik ez dutela argi erakutsi dute bi taldeek. Printze eta printzesa parean jarri ditu Lierni Altuna etxeko taldeko gai-jartzaileak, greba egiteko asmoa duten printze eta printzesa paperean.

Bukatzeko kopletan aritu dira bi taldeak Iraide Onaindia panderojoleak eta June Ballesteros trikitilariak lagunduta. Beldurrezko pelikula bat ikusi duten 3 gazte izan dira Martin, Danel eta Manex; Andere, Paula eta Txomin aldiz, futbol talde bereko jokalarien paperetik aritu dira, beti aulkian dauden hiru jokalari.

Azkenerako, "Izena Pentsau bida" taldeak irabazi du saioa eta beraz, aukera asko ditu finalerditarako sailkatzeko. Otsailak 10ean faseko azken saioarekin erabakiko da zein taldek egingo duen aurrera.

 

Egurrak eta ezpalak eta Gorbeialdea:

Igandean, otsailak 5, jokatu zen B ligako bigarren saioa Narbaizako elkartean. Lautadako Egurrak eta Ezpalak taldeari tokatu zitzaion Gorbeialdea taldeari ongi etorria egin eta bazkari goxoa prestatzea ondoren bertsoei ekiteko. Itsaso eta mendiko paella goxoa daztatu zuten bertaratuek.

Tripa bete ondoren bertso idatziekin hasi zuten Narbaizan bertso jarduna. Zaballako bertso eskolatik ikusentzunezko formatuan bi sorta hunkigarri entzun eta kantatzeko aukera izan zen eta bertso idatziei ginda jarriz Aguraingo bertso eskolako Laia  eta Anek zuzenean kantatu zituzten haien bertsoak gitarraren eta kaxoiaren laguntzaz, santa eskea umorera ekarriz. 

Bapateko saioak eman zion segida bertso idatziei eta Matallica eta doinu tradizionalak nahastu ziren agurretan, metala eta egurra, haizkora eta guzti. Ez zen zauriturik egon, lasai. Ofiziotan Ricardo eta Oihane nagusian eta Irati eta Serapio ibili ziren txikian. Jarraian lau oinak eta azkena emanda Uxue eta Aitor izan genituen haien garunak estutuz. Saio erdia igaroa zen eta oraindik ez zegoen argi noren alde zegoen saioa. Bi Unaiak ibili ziren elkarren puntuei erantzunez, estilo ederrean biak ere, Andaren ziurtasun eta esperientzia Perearen lotsagabetasun eta freskotasunaren aurka, dotore. Puntukako saioan Narbaizako ama-semeak familia giroan puntuka entzutea ederra izan zen, Oier, Unai eta Oihane. Gorbeialdea hemen ere fin-fin. Koplatako saioan bertsolaririk gazteenak, Oierrek, zer nolako ezpala zuen erakutsi zien bertaratutakoei, harri eta zur utziz batzuk zein besteak. Baina oraindik ere balantza noren alde egon zitekeen antzik hartu gabe.

Patxi Aizpurua epaile neutrala iritsi zen epaiarekin eta...adi! Berdinketa! Kuadrillartekoaren historian gertatu den lehenbiziko berdinketa! Kopla txikian librean bost minutuz ibili ziren txandaka talde bakoitzeko Rikardo, Manu, Oihane eta Irati. Hemen ere bero-bero, erritmo bizian eta dotore. Eta balantzak norbaiten alde egin behar duenez, emozio guzti horren ondoren Gorbeialdeko bisitariek eraman zuten saioa etxera.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago