Arabako lurrak neguko lozorrotik esnatzeko ordua ere heldu zaigu ohartzerako. Araban dauden bertso eskola gehienak ikasgela utzi eta kopla kantari ateratzeko gogoz dabiltza gainera, hasi berri den kuadrillartekoaren epeltasunak lagundurik.
Iazko bideari segituz, lurrari oles eginez hasiko dute otsaila Arabako bertso eskolek. Agate Deunaren bezperatan, otsailaren 2, 3 eta 4an tokian tokiko hainbat kulturgilerekin batera lurrari astindua ematera aterako dira. Hainbat bazterretan ikasle, irakasle eta herriko bertsolariak, tradizioak eraberrituz inprobisatutako bertsoz eta musikaz lagunduta, bertso eskolak plazara ateratzeko aukera paregabea izango dute.
Bederatzi saio egongo dira aurten. Otsailaren 2an Oionen emango diote hasiera; otsailaren 3an Bastidan, Gasteizen, Araian eta Añanan egingo dute bigarren erronda; eta azkenak, Agate Deunaren bezperan, otsailaren 4an, Mendialdeko herrietan, Aramaion eta Agurainen amaituko dute Kuadrillartekoari paso emateko.
Hartu makilak, kalerik kale
Eta kuadrilaz kuadrila
Mingaina aske dantzatu eta
Lurra esnatu dadila!
Informazio gehiago eta hitzordu guztiak Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.