Ekainaren 11n jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Perea, Agirre, Viñaspre, Abarrategi, Amilburu eta Igoa dira aurtengo finalistak. / ALEA

Oihane Pereak eta Manex Agirrek irabazi dituzte Araia eta Izarrako finalerdiak. Biak arituko dira Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean Abarrategi, Igoa, Viñaspre eta Amilbururekin batera, ekainaren 11n Europa Jauregian.

Finalerdiak burututa, iritsi da Arabako Bertsolari Txapelketaren XV. edizioaren azken txanpa. Ekainaren 11n, larunbatean, 17:30etik aurrera jokatuko da, Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu auditorioan: Oihane Perea, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Peru Abarrategi, Paula Amilburu eta Xabi Igoa izango dira oholtza gainean.

Izan ere, joan den asteburuan jokatu dira bi finalerdiak. Larunbatean, Araiako Andra Mari aretoan, Oihane Pereak finalerako pase zuzena lortu zuen, 354 punturekin Unai Anda (341 puntu), Maddi Agirre (331 puntu), Asier Otamendi (329 puntu), Andere Arriolabengoa (323,5 puntu) eta Felipe Zelaieta (318,5 puntu) garaituta.

Igandean, Izarrako Kultur Etxean, Manex Agirrek irabazi eta finalerako pase zuzena lortu zuen, 368,5 punturekin Peru Abarrategi (364 puntu), Xabi Igoa (359 puntu), Iñaki Viñaspre (358,5 puntu), Paula Amilburu (354,5 puntu) eta Rikardo Gonzalez de Durana (329 puntu) garaituta. Gainera, puntuazioaren hurrenkera dela eta, finalera igaro dira Abarrategi, Igoa, Viñaspre eta Amilburu ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago