Arabako gazte belaunaldia urtetik urtera hazten ari da, eta larunbatean jokatu zen 14 eta 18 urte bitarteko Arabako Eskolarteko Txapelketa, Gasteizko Federico Garcia Lorca aretoan, 14 urtetik beherako txikien idatzizko eta bat-bateko bertsolari gaztetxoenen Gasteizko topaketaren ostean. Giro bikaina izan zen goiz osoan zehar, eta maila bikaineko bertsoak entzuteko parada izan zuten bertaratutako haur, gazte zein helduok.
Goizeko hamarretan eskola ezberdinetatik aukeratutako bertso idatziak entzun eta gero, Armentiako Bertxilika Bertso Eskolako ikasleak aritu ziren bat-batean. Motorrak berotu eta gero, 12:00ak aldera hasi zen 14-18 urte bitarteko Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Taula gainean zortzi bertsolarik abestu zuten: Irati Martinez, Maddi Agirre, Eukene De los Aires, Samuel Rodriguez, Hegoi Amabizka, Sabin Abarrategi, Gari Arexolaleiba eta Danel Herrarte.
Zortziko handian naiz txikian egin eta gero, Maddi, Eukene, Hegoi eta Danel pasa ziren bakarkako lanak egitera. Edizio honetan ere, bigarrenez, txapelaz jabetu da Maddi Agirre, eta, beraz, aurten ere bere etxean pasako du txapeldunek eskurik esku urtez urte pasatzen duten egurrezko mikrofonoa. Maila ederra erakutsi dute denek ere.
Maddi eta Danel joango dira Iurretan ekainaren 18an jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketara, Arabako ordezkari gisa. Bertsozale Elkarteak bertara hurbiltzera gonbidatu nahi ditu Arabako bertsozale guztiak: "Urtez urte eta edizioz edizio edertzen doan txapelketa da gurea. Jarraitu dezagun lanean, bertsoz bertso Araba kantuz bustitzen!".
Informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.