2022ko Bertsoa Bizi Gazte berritua dator!

Bertsoa Bizi Gaztek, urtero lez institutuetako tailerrez gain, BBG Plazara! egitasmoa eta BBG egonaldia antolatuko ditu aurtengoan.

Arabako Bertsozale Elkarteak 2016an abiarazi zuen Bertsoa Bizi Gazte egitasmoa Arabako Aldundiaren, tokian tokiko udalen eta institutu, ikastetxe eta ikastolen babesean. Gazteen euskararen erabilerarekin kezkaturik, egoera soziolinguistikoari aurre egin eta gure ondarean alea jartzeko xedez sortu zen; horretarako euskara sorkuntza ardatz nagusia izanik eta bertsoa enbor nagusi. 

Arabako institutuetan, ikastordutan, lau ordutako murgiltze saioak egiten dira 14-18 urte arteko ikasleekin. 2021-2022 ikasturtean, institutu hauetako 1.500 ikaslek parte hartu dute murgiltze saioetan:

  • Gasteiz: Ekialdea, Mendebaldea, Herrandarrak, Ikasbidea, Armentia, Zabalgana, Marianistas, Lakua eta Olabide
  • Aiaraldea: Laudioko Ikastola, Laudio institutoa, Amurrioko Aresketa Ikastola, Amaurre eta Zaraobe
  • Gorbeialdea: Murgia BHI
  • Arabako Errioxa: San Bizente Ikastola
  • Lautada: Lautada Ikastola eta Aniturri institutua
  • Mendialdea: Mendialdea IPI zentroa (Ikasturte osoan zehar)

Azken urtean, bideoklipen aroa albo batera utzi eta BBG Plazara! ekimena jarri da martxan. Bertan, ikastetxeetako bertso eskoletan aritzen diren gazteak plazaratuko dira erreferentziazko bertsolariekin batera, gazteak bertso mundura gerturatu eta bertsoez gozarazteko.

Apirilean zehar hiru bertso saio antolatuko dira, Laudion, Gasteizen eta Agurainen: Laudioko Kasinoan, Danel Herrarte gazte aramaioarra arituko da kantuan, Peru Abarrategi, Onintza Enbeita eta Julio Sotorekin batera; Armentia ikastolan, bertako ikasle Maddi Agirre eta Hegoi Amabizka arituko dira, Beñat Gaztelumendi, Aner Peritz eta Haizea Aranarekin; eta Aguraingo saioan, Eukene De los Aires gazte gasteiztarra ariko da Oihane Perea, Joanes Illarregi eta Saioa Alkaizarekin batera. 

Egitasmoa borobiltzeko, ekainean Abadiñon egonaldi bat egingo da izena ematen duten gazte bertsozaleekin. 45 euroren truke, ekainaren 17an, 18an eta 19an, bertso egonaldian murgiltzeko aukera izango dute bertaratutako 17-19 urte arteko gazteek. Plazak mugatuak izango dira, eta maiatzaren 5era arte egongo da aukera izena emateko, https://labur.eus/BBG-egoladia webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago