Laudion aurkeztu dute 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa

2022ko Arabako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena, larunbatean Laudion. / Argazkia: A.B.E

Apirilaren 1ean emango zaio hasiera 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketari, eta ekainaren 11n amaituko da Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu Auditorioan.

Arabako Bertsozale Elkarteak Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian aurkeztu du 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Azkenekoan, 2019ko Txapelketan, Arabako bertsogintzak egin duen bidea goraipatu nahi izan zen, eta bide horri eutsi nahi izango zaio aurtengo XV. edizioan ere, urteetan zehar eraikitzen joan diren zubi eta pausuen garrantzia goraipatuz.

Hiru lagunek hartu dute hitza aurkezpenean. Lehengoak, Egoitz Iradier Elkarteko sustapen arduradunak, eman ditu txapelketari buruzko xehetasunak. Ondoren, Serapio Lopez Ortuetak hartu du hitza, orain 40 urte Arabako bertsogintzako ibilbideari ekin ziona, lehenik ikasle eta ondoren irakasle ere bai. Eta, azkenik, Unai Mendibil Aiaraldeko bertso eskolako ikasle hasi eta egun irakasle dabilenak; aurtengoan, 40 urteko ibilbidea eta gero, Faktorian Bertso Eskola talde berria sortu da, eta berak gidatzen du.

Txapelketako lehenengo final zortzirena apirilaren 1ean jokatuko da, Amurrioko Kultur Etxean. Eta ekainaren 11an bukatuko da, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Bost final zortziren, hiru final laurden, bi finalerdi eta finala. Final zortzirenak Amurrio, Guardia, Trebiñu, Legutio eta Langraizen izango dira. Final laurdenak Dulantzi, Zigoitia eta Aramaion. Finalerdiak Araia eta Izarran. Eta finala, lehen aldiz, Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Maria Maeztu auditorioan.

Txapelketak egitura hau izango du: Arabako 30 bertsolarik parte hartuko dute; 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistek gehi izena eman duten 25 bertsolari gehiagok. Hemezortzi bertsolari arituko dira final laurdenetan, hamabi bertsolari finalerditan eta sei bertsolari finalean. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Txapelketan zehar Arabako bederatzi aurkezle izango dira, hamar saio eta finala aurkezteko; eta hamaika gai-jartzailek sortuko dituzte gaiak, taldean.

Arabako Bertsolari Txapelketaren jarraipena egiteko hainbat era egongo dira: Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean, Bertsoa.eus bertsolaritza kanalean, sare sozialetan...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago