Oporraldian euskaraz jolastu eta bertsoez gozatzeko, inguruko natura eta kultura hobeto ezagutzeko helburuarekin Bertso Abentura bizitzeko aukera egongo da udaberrian. Arabako haur eta gaztetxoek norbere herritik gertuko lagun berriak egin, bertso munduan murgildu eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute aurtengoan ere. Arabako Bertsozale Elkarteak, Lautada eta Gorbeialdeko Kuadrilekin elkarlanean antolatu du egonaldia.
Udaberriko oporraldia aprobetxatuz, apirilaren 20tik 22ra bitartean izango da, asteazkenetik ostiralera. Asteazkenean 12:00etan hasi eta ostiralean 12:00etan amaituko da. Autobus zerbitzua egongo da, eta izen ematea itxi ondoren jakinaraziko dira autobusaren ibilbidea eta geltokiak. Prezioa 45 eurokoa da Lautada eta Gorbeialdea eskualdeko parte-hartzaileentzat, eta gainerakoentzat 60 eurokoa.
Parte hartzeko formularioa bete beharko da apirilaren 1a baino lehen. Edukiera mugatua izango denez, Lautada eta Gorbeialdeko eskualdeetako haurrek izango dute lehentasuna, eta izen-ematearen ordena izango da bigarren irizpidea.
Informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.