Eskatu eta esnatu

Otsailaren 4an Araba osoan zehar izango ditugu hitzorduak. / ALEA

Gabonak aparte utzita, neguko festen denboraldiari hasiera ematen diote, Araban zehar, Agate bezperak eta Santa Eske herrikoiak. Otsaila eta inauteri giroa ez dira urrun, eta lurrari bertsotan egin eta esnatu dadin eskatzeko garaia iritsi da.

Festa honen oinarria zein den aztertzerakoan, izenari erreparatuz gero, Santa Agata Cataniakoaren istorioa eta sufrikarioa daude. Hala ere, badirudi kristautasunak bere egin aurretik sortua dela berez, adituen esanetan: inauterien atari modura, lurrari negua alde batera utzi eta biziberritzen joateko eskatzeko kantu-saioak leudeke jatorrian, beraz.

Garaiak aldatzen doaz, eta soka ez da eten: neguaren hondarra oraindik urrun samar egon arren, lurra esnatzen has dadin eskatzen hasteko sasoi ederrean gaude.

Arabako bertso eskolentzat hitzordu garrantzitsua bilakatu da, azken urteotan, Santa Eskea. Egia esan, bertsotan egiteko aukera ederra ematen du formatuak, izan ohiko koplak ikasita edo paperean irakurrita, izan bat-batean kantatuta, trikitiarekin edo beste musika-instrumenturen batekin.

Kanturako aukeratutako lekuari eta uneari oso lotuta dagoen formatua da koplarena, eta esan dezakegu Agate Deunaren bezperako saioetan bete-betean egokitzen dela formatu hori. Etxez etxeko kalejirak edo kalez kale ibiltzeak inguruneari eta inguruan daudenei kantatzeko aukera ematen du, eta horrek erakargarriago egiten du ekitaldia bera.

Otsailaren 5a da, egutegiaren arabera, Santa Ageda edo Agate Deunaren eguna. Kanturako deia bezperan egiten da normalean, otsailaren 4an. Araba osoan zehar izango ditugu hitzorduak: besteak beste, Legution, Mendialdean, Gasteizko Aranbizkarran eta Salburun, Laudion, Araian, Agurainen, Oionen eta Bastidan. Aramaion, aldiz, otsailaren 5ean egingo da Santa Eske herrikoia.

Azpimarratu behar da, gainera, antolakuntzaren ikuspegitik, lotura interesgarriak sortzen direla ekitaldi hauek antolatzerakoan. Bertso eskolek, abesbatzek, ikastetxeek, trikitixa taldeek… elkarlanean jarduten dute sarri, Santa Eskea prestatzen. Lurrak dar-dar egin dezala!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago