Arabako Aldundiaren eta Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik, hiru oholtzako saio antolatu dira Ozaeta, Zigoitia eta Bastidan, bakoitzean lau bertsolari eta gai jartzaile bana.
Orain hilabete batzuk aipatzen genizuen bezalaxe, haur eta gaztetxoen Bertso Eskola sortu diren herriak tarteko, Zigoitia eta Bastida. Haur, gazte nahiz helduek gozatzeko saioak izango dira, errimak neurrian sartu eta entzunaz, herritarrak arrimatzeko aitzakia bat.
Ozaetan, Zigoitian eta bastidan hiru saio antolatu dira; lau bertsolari eta gai jartzaile bana
Eskualdeko eta herriko bertsolariekin batera inguruko bertsolari lagunak ere arituko dira saio denetan, gazte zein helduago, denak ere bertsotan arituak; errima biribiltzen eta esaldiak osatzeko hitzak elkarren artean arrimatzen ondo dakitenak.
Lehen saioa igande honetan izango da, azaroaren 21ean, 12:30ean Ozaetako udaletxean. Bertan kantuz jolasean arituko direnak Manex Agirre, Irati Anda, Izar Mendiguren eta Lautadako bertako Oier Arbina eta Aintzane Irazusta gai emailea izango dira.
Pausaldi handirik gabe, bigarren saioa abenduaren 2an, osteguna, Zigotiko Kultur Etxean izango da, 19:00etan. Kantuan Gorbeialdeko Unai Anda eta Xabi Igoa izango dira, Aroa Arrizubieta eta Iñaki Viñaspre Arabako txapeldunarekin batera. Gai jartzaile lanetan berriz Oier Suarez arituko da.
Eta, aurtengoz behintzat, hirugarren saioa Bastidan izango da, abenduaren 11n, 19:00etan Kultur Etxeko aretoan. Azken saio honetan Oihane Perea, Peru Abarrategi eta Arabar Errioxako Orlando Arreitunandia, Unai Bengoetxea eta Idoia Marauri gai jartzailea ariko dira.
Beraz, urtea amaitu aurretik izango da non entzun arabar bertsolarien aleak eta errimak. Musukoa jantzita bada ere, ondokoari arrimatzeko aukera paregabea.