Eguzki Art Zinema ekoiztetxe txikiaren eskutik, martxan dago Patxi Bisquert aktore eta zinegilea. Ombuaren itzala da 2020ko udazkenetik herriz herri aurkezten ari den proiektua. Arabara ere iritsi da Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitzaren inguruko film luzearen proiektua. Garai zailak dira kulturarentzat, eta auzolana da aukera sendoenetako bat; horrexegatik, filmearen proiektua herriz herri azaldu eta 30.000 sarrera aldez aurretik saltzea izango da filma egin ahal izateko gainditu beharreko erronka.
Arabako Bertsozale Elkartean ere aukera hau probestuko dugu, proiektu honi bultzadatxo bat emateko, bertso-eskolen arteko topaguneak sortzeko, plaza berri bat irabazteko eta filma zein Otañoren garaia ezagutzeko.
Lehen emanaldia Zalduondon izan genuen irailaren 18an, eta jende dezente hurbildu zen frontoi aldameneko karpara. Hurrengoa urriaren 29an, joan den ostiralean, Amurrioko udaletxeko Pleno aretoan izan zen, Manu Bendalak eta Juanjo Respaldizak bertsoz girotua.
Azaroaren 4an, Gasteizera helduko da, Oihaneder Euskararen Etxera, Maddi Agirrek eta Asier Otamendik kantatuko dutelarik. Arabako azken emanaldia Mendialdean izango da, Kanpezun, azaroaren 12an, San Martin azoka bezperatan, Julen Zulaika eta Unai Bengoetxeak kantatuko dutelarik.
Udazkenean, hosto guztiak jausi aurretik, bertso eskolek burutxoa ateratzen hasteko aukera bikaina izango dugu. Ombuaren itzalpean... Bertso-eskolak plazara!
Informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.