Iristear da 2021eko 'Altxa kopla hori!'

Aurten ere Altxa kopla hori! egitasmoa martxan jarri du Arabako Bertsozale Elkarteak. Kopla doinutan eta musikarien laguntzarekin kantaturiko bertso saio musikatuak dira. Uztailean bi saio izango dira, eta irailean beste hiru.

2017an hasitako bideari ekinda, 2021ean Altxa kopla hori! bertso musikatuen egitasmoa jarri du martxan Arabako Bertsozale Elkarteak, bertsozaleei kopla doinuekin gozatzeko aukera eskainiz. Lagun arteko formatuan, kalean, musikaz lagunduta eta kopla oinarri hartuta bost saio antolatuko dira.

Kopla, bertso erdi bat baino gehiago izanik, bertsotan egiteko neurri herrikoia da. Musikaz lagunduta eta lagun arteko giroan gozatzeko aukera ematen duena.

Adin, herri eta belaunaldi ezberdinetako Arabako 20 bertsolarik, bost gai jartzailek eta lau musikarik parte hartuko dute. Kalean edo plazan, taburetetan edota aulkitan eserita, doinu batzuk musikaz lagunduta eta entzuleengandik hurbil.

Uztailaren 2an Luioandon emango zaio hasiera egitasmoari, eta uztailaren 15ean izango da uztaileko bigarren saioa, Aramaion. Aurrerago emango da irailean egingo diren beste hiru saioen berri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago