Bi buruko txapela

Unai Anda eta Iñaki Viñaspre finalistak, aurreko kanporaketa batean. / BERTSOZALE ELKARTEA

Apirilaren 17an Izarran hasi, eta Araian, Oionen, Amurrion eta Gasteizen geldialdi bana egin ondoren, larunbat honetan bukatuko da Legution 2021eko Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa.

Bertako kiroldegian izango dute bertsozaleek hiru bikote onenen arteko lehia ikusentzuteko aukera. Txapel bikoitz bat egongo da jokoan. "Krisi garaiak egokiak dira sormenerako, berrikuntzarako". Pandemiak ekarritako gizarte krisian zehar ere behin baino gehiagotan entzun dugu ideia hori.

Gauza bat da, ordea, esatea, eta bestea, esandakoa edukiz betetzea. Zenbat ote dira, behartutako egoera batean sortu, eta aurrera begirako irteerarik ikusi ez duten egitasmoak.

Arabako Bertsozale Elkarteak ere erantzun behar izan zion, bere garaian, behartutako egoera bati. 2021ean banakako txapelketaren edizioak behar zuen, dena ondo joanez gero. Baina egoerak ez du halakorik egiten utzi, eta halaxe sortu zen binakako txapelketa antolatzeko asmoa. Bertsolarientzat, entzuleentzat, antolatzaileentzat… beste lasaitasun batekin aritzeko moduko edizio bat, hain zuzen ere.

Izarran apirilaren erdi aldera hasi, eta egin du bere bidea txapelketak. Binaka hartu dute bertsolariek, eta horrek ekarri ditu hainbat nobedade: bikote bakoitza osatzen zuten bertsolarien arteko konplizitate-keinuak, oholtzan; gazteenek eta esperientzia gutxien zutenek beteranoei (nahi gabe ere) egindako akuilu-lana; beteranoek gazte eta hasiberriengan eragin nahi izan duten baretasun sentsazioa… Txapelketa berezia izan bada, parte hartzeko moduagatik izan da, duda gabe.

Iñaki Viñaspre eta Unai Anda, Oihane Perea eta Manu Bendala, Manex Agirre eta Martin Abarrategi: horra Legutioko oholtzara igoko den seikotea. Sei buru, baina hiru parte-hartzaile. Bi txapel, bi buru, sari bakarra. Bitik bakarrerako pausoa ondoen egiten duen bikotea izango da irabazle. 17:30ean da hitzordua. Ez dago aitzakiarik!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago