Bertsoak

Maddi Agirre txapeldun eta Eukene De los Aires azpitxapeldun Arabako Eskolarteko finalean

2021eko Arabako gaztetxoen XXVI. Eskolarteko finala Aguraingo Harresi aretoan ospatu zen larunbatean. Maddi Agirre txapeldun eta Eukene De los Aires azpitxapeldun atera ziren.

Aguraingo Harresi Aretoan izan zen larunbatean Bertsoa Bizi Gazte eguna, eta bertan jokatu zen Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala ere.

10:00etan lehiaketara aurkeztutako bideoklipak eta mokoka formatuko bideo laburrak proiektatu ziren, eta bertan jakinarazi zen zeintzuk izango ziren irailaren 1ean, 2an eta 3an Manurgako egonaldia sari moduan eskuratu zuten gazteak. Oion eta Kanpezun geratu da saria, zalantzarik gabe San Isidro egunaz behar bezala ospatuko dutena.

Bat-bateko saioaren unea heldu zen gero. Gasteizko Maddi Agirre, Hegoi Amabizka eta Eukene De los Aires, Aramaioko Danel Herrarte eta Gari Arexolaleiba eta Aguraingo Beñat Cano izan ziren hiru eskualdeetan egindako topaketetan aukeratutako sei finalistak. Mikrofonoa babesteko zorroak jarri ta kendu, maskara jarri esertzean, kantatzeko kendu... Urrian jokatu zen 2020ko finala, eta aurtengoan ongi ikasita zeukaten parte hartzaileek egoera berrira egokituz jarraitu beharreko protokoloa. Edonola ere, nerbioak eta segurtasun neurri guztiak lagun, saio beroa eta maila txukunekoa egiteko gai izan ziren bertsolariak, entzuleen erabateko babesa lagun.

Zortziko handian bina bertso kantatu behar izan zituzten hasteko, gazteen artean ohikoak diren egoerei aurre eginez hitz neurtuan. Zortziko txikiaren txanda izan zen gero, eta umore zipriztinak izan zituzten ofizio guztiek. Bakarka puntuei txukun eta azkartasunez erantzun ostean,  gaiari bertso bat botatzeko ordua izan zen. Pentsatzeko tarte handixeagoa hartuta, gai irekiei irudimen handiz erantzunez, askotariko istorioak kantatu zituzten entzuleen gozagarri.

Fernando Sopelana, Egoitz Iradier eta Aitor Jimenezek osatutako epaimahaiak Gasteizen jarri zuen udazkenean jokatuko den Euskal Herriko eskolarteko finalerako ordezkaritzarako fokoa. Maddi Agirre izendatu zuten Txapeldun eta Euneke de los Aires txapeldunorde.

Aitor Ugartek jantzi zion txapela, buru onean dagoela gogoraraziz, eta iazko lekukoa jasotzen duen egurrezko mikrofonoa pasatzean sendo kantatu zuen: "Oinordetzan pasatzea da zure misioa, inoiz ere ez dadila eten transmisioa". Harro eta arduraz kontziente hartu du lekukoa "gazteriaren lana da orain txinparta su bihurtzea, jarrai dezagun bertsolaritzan egiten gure bidea". Luzaroan gogoan izango duen txapelketako oroigarri borobila eraman du etxera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago