Iazko edizioa online egin behar izan zen pandemiaren egoerak behartuta, baina aurten berriz ere jendartera eta kalera eramateko urtea izango da, oinak buruan kobazulotik irteera ospatuz, eskolarteko ikur bilakatu diren saguzaharrak bezala.
Maiatzaren 7an, Legutio, Aramaio eta Gasteizen, 14 urtetik 18 urtera bitarteko Arabako Eskolartekoari hasiera eman zioten eskualde mailako topaketak jokatuz. Sei finalistak hautatu ziren saio horietan: Hegoi Amabizka, Maddi Agirre eta Eukene de los Aires gasteiztarrak, Beñat Cano aguraindarra eta Danel Herrarte eta Gari Arexolaleiba aramaioarrak.
Maiatzaren 15ean izango da finala eta festa eguna Aguraingo Harresi aretoan. Zortziko nagusian eta zortziko txikian bina bertso, puntu bati erantzun eta gaiari bertso bat kantatu beharko dituzte bertsolariek. Larunbatean bertan erabakiko dira Euskal Herriko Eskolarteko finalean Araba ordezkatuko duten txapelduna eta txapeldunordea.
Bertsoa Bizi Gazte
Ez da bat-batekoa izango eguneko final bakarra ordea. Azken urteotan ohikoa denez, ikus-entzunezko Bertsoa Bizi Gazte (BBG) lehiaketa ere martxan da. Hamar bideo aurkeztu dira, bideoklip bat eta mokoka bideo azkarren formatuko bederatzi. Maiatzaren 11tik aurrera bozkatzeko aukera egongo da ostiralera bitartean, Ni Banax Arabakoa webgunean, eta larunbatean bertan jakinaraziko dira sarituak.
Izatez, larunbateko jaia 10:00etan hasiko da bideoklip eta bideo laburren proiekzioarekin. Rap eta musika tarte baten ostean izango da bat-bateko finala, eta txapeldunaren agurrarekin amaituko da festa eguna.
Autobusez bertaratzeko aukera izango da, Oion, Agurain zein Gasteiztik. Horretarako email bat idatzi beharko da bertsoabizi@gmail.com helbidera edo 688 69 58 75 telefonora deitu (Xabi Lasa), maiatzaren 13a baino lehen.
Informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.