Maiatzaren 9an, Arabako Binakako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalerdia jokatu da Gasteizko Ibaiondo Gizarte Etxeko Felix Petite antzokian; finala definituko duen saioa izan da.
Kantuan aritutako hiru bikoteak hurrengoak izan dira: Martin Abarrategi Sarrionandia eta Manex Agirre Arriolabengoa; Peru Abarrategi Sarrionandia eta Beñat Garaio Mendizabal; eta, azkenik, Xabi Igoa Eriz eta Felipe Zelaieta Txurruka.
Bigarren itzuli honetako saioetan 28 bertso puntuagarri kantatu behar ditu bertsolari bikote bakoitzak, hamalauna bertsolari bakoitzak; horien artean, bosna bertso kartzelako lanean, hau da, denek gai berberari erantzunez. Gasteizen, ariketa guztiak egin ondoren, Martin eta Manexek lortu dute puntu gehien: 662,5.
Puntuazioak ondorengoak izan dira hurrenez hurren:
- Martin Abarrategi Sarrionandia eta Manex Agirre Arriolabengoa : 662,5 puntu.
- Peru Abarrategi Sarrionandia eta Beñat Garaio Mendizabal: 653 puntu.
- Xabi Igoa Eriz eta Felipe Zelaieta Txurruka: 652 puntu.
Finala
Beraz, finalean nork kantatuko duen definituta geratu da igandeko saioaren ostean. Gasteizko saioan kantatu duten bertsolariek itxi dute sailkapena.
Bederatzi lagunez osatutako gai-jartzaile taldetik, Eli Plazaola izan da Gasteizko Felix Petit Antzokian aurkezlea. Bigarren fase honetan, epaimahaia horrela osatu da: Aitor Jimenez, Fernando Sopelana, Ekaitz Elorriaga eta Patxi Aizpurua. Idazkari lanetan, Edorta Jimenez eta Ainhoa Aizpurua.
Maiatzaren 22an jokatuko da finala Legutioko kiroldegian. Sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.
Informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.