Maiatzaren 8an, Amurrion jokatu da Arabako Binakako Bertsolari Txapelketaren bigarren faseko lehen bertso saioa. Oholtzan, txapelketa irudikatzen duten mikro gorri eta urdina, elkar igurzten.
Kantuan aritutako hiru bikoteak hurrengoak izan dira: Irati Anda Villanueva (Gasteiz) eta Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz); Oihane Perea (Zalduondo) eta Manu Bendala Garcia-Donas (Sevilla-Gasteiz); eta, azkenik, Unai Anda Delika (Ametzaga) eta Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuku).
Bigarren itzuli honetako saioetan 28 bertso puntuagarri kantatu behar ditu bertsolari bikote bakoitzak, hamalauna bertsolari bakoitzak. Horien artean bosna bertso kartzelako lanean, hau da, denek gai berberari erantzunez. Amurrion, ariketa guztiak egin ondoren, Unaik eta Iñakik lortu dute puntu gehien, 674,5.
Puntuazioak ondorengoak izan dira hurrenez hurren:
- Unai Anda Delika eta Iñaki Viñaspre Simon: 674,5 puntu.
- Oihane Perea eta Manu Bendala Garcia-Donas: 669,5 puntu.
- Irati Anda Villanueva eta Aroa Arrizubieta Barredo: 651 puntu.
Finala
Beraz, Unai Andak eta Iñaki Viñasprek osatutako bikotea izango da lehen bikote finalista. Igandean argituko da bigarren finalerdiko bikote irabazlea, eta, ondorenez, puntuazioren arabera, finaleko hirugarren bikotea.
Bederatzi lagunez osatutako gai-jartzaile taldetik, Oier Azkarraga izan da Amurrioko Antzokian aurkezlea. Bigarren fase honetan, epaimahaia horrela osatu da: Aitor Jimenez, Fernando Sopelana, Ekaitz Elorriaga eta Patxi Aizpurua. Idazkari lanetan, Edorta Jimenez eta Ainhoa Aizpurua.
Maiatzaren 9an Gasteizen izango da bigarren finalerdia.
Informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.