Viñaspre, Anda, Abarrategi eta Agirre, lehen sailkatuak Binakako Bertsolari Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2021ko api. 19a, 10:00

Arabako Binakako Bertsolari Txapelketaren lehen final laurdena Iñaki Viñasprek eta Unai Andak irabazi dute, Izarran. Araian, Martin Abarrategik eta Manex Agirrek lortu dute finalerdietarako txartela.

Abian da Arabako Binakako Bertsolari Txapelketaren lehen edizioa, eta asteburu honetan jokatu dira lehenengo bi final laurdenak. Elkar igurzten duten bi mikro atzeko irudian, bikotearen elkarlana eta konplizitatea irudikatuz. Dena prest hasiera emateko, mikroak, distantziak eta baita mikro garbitzailea ere.

Lehenengo itzuli honetan, hamahiru bertso puntuagarri kantatu ditu bertsolari bakoitzak; 26 bertsolari bikoteak.

Unai Anda eta Iñaki Viñaspre

Lehen final laurdena larunbatean jokatu da, Izarrako Kultur Etxean. Hiru bikote aritu dira: Felipe Zelaieta Txurruka (Gasteiz) eta Xabi Igoa Eriz (Aramaio); Unai Anda Delika (Ametzaga) eta Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuku); eta Andere Arrioabengoa Bengoa (Aramaio) eta Xabi Antia Zuaznabar (Gasteiz).

Ariketa guztiak egin ondoren, Iñaki Viñaspre eta Unai Andak lortu dute puntu gehien: 469 puntu. Beraz, zuzenean pasa dira finalerdietara.

Martin Abarrategi eta Manex Agirre

Larunbatean  hasitako bideari igandean heldu diote bertsolari bikoteek, eta, igandean, Araian jokatu da bigarren final laurdena. Hiru bikoteak honako hauek izan dira: Eli Zaldua Barquin (Gasteiz) eta Aitor Ugarte Eriz (Aramaio); Martin Abarrategi Sarrionandia (Aramaio) eta Manex Agirre Arriolabegoa (Aramaio); eta Peru Abarrategi Sarrionandia (Aramaio) eta Beñat Garaio Mendizabal (Gasteiz).

Martin Abarrategi eta Manex Agirrek irabazi dute. Puntuaziorik altuena lortuta, 474 puntu, zuzenean pasa dira finalerdietara.

Finalerdiak

Datorren larunbatean, Oionen, erabakiko da zein sei bikotek jokatuko dituzten finalerdiak: hiru bikote irabazleak zuzenean joango dira finalerdietara, eta beste hirurak hiru final laurdenetako puntuazioaren hurrenkeran erabakiko dira.

Informazio gehiago eta hurrengo saioen inguruko xehetasunak Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean topa ditzakezue.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide