Arabako bertsolari gaztetxoak neguko ilunetik udaberriko argitara

Arabako bertsolari gazteak kobazulotik irteten hasi dira udaberriaren etorrerarekin bat. Trebakuntza ikastaroa egin zuten apirilaren 7an eta 8an, Maurgan; eta laster iritsiko dira eskolartekoa eta bertso idatzien lehiaketa, besteak beste.

Apirilaren 7an eta 8an, Maurgan, trebakuntza ikastaroa egin zuten, elkar ezagutu eta eskolartekorako prestatzeko ederki baliatu zutelarik. Izan ere, maiatzaren 7an, Gasteiz, Agurain eta Legution kanporaketa bana jokatuko dira 14 urtetik 18 urte bitarteko gazteekin.

Finala maiatzaren 15ean izango da Aramaion, Bertsoa Bizi Gazte egunaren baitan. Bertan bideoklip lehiaketaren sari banaketa eta handienen eskolarteko finala egingo dira.

Maiatzean, txikien txanda

Maiatzaren bigarren erdian txikien txanda izango da,  hainbat hitzordu izango baitira eskualdez eskualde. Hezkuntza Arautuan bertsolaritza lantzen ari diren 2.500 gaztetxok, oporren amaierarekin bat, ekingo diote bertso idatzien lehiaketarako bertsoak taldeka prestatzeari. Hiru gai izango dituzte aukeran, gutxienez bi eta gehienez bost pertsonako taldetan bertsoak egiteko.

Bertsoak maiatzaren 14a baino lehen entregatu beharko dituzte araba@bertsozale.eus helbidearen bidez. Ondoren, eskualdez eskualde topaketak egingo dira, lan aukeratuak jendaurrean kantatu eta bat-bateko erakustaldiak egingo direlarik, sei eskualde ezberdinetan. Arabako 14 urtetik beherako haurren finala ekainaren 5ean izango da Zigoitian, ikasturteari amaiera dotorea jarriz.

Iazko eskolartekoa online egin bazen ere, aurten taularatzea eta jendaurrera eramatea izango da erronka. Gazte eta haurrak gogotsu datoz, egin diezaiegun bidea!

Hitzordu guztiak eta informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago