Su txikiak, han eta hemen

2019ko Arabako Eskolarteko Txapelketa. / ABE

"Inprobisazioa ardatz, epe luzerako lana eta ikuspegia dute oinarri bertso eskolek"

"Hemen su horren bueltan dantzan" gabiltzala kantatu zuen Amets Arzallusek, 2013ko Txapelketa Nagusiaren finalean, Barakaldon. BECen lau urtean behin elkartzen gaituen suari, hau da, bertsogintzari, eskaini zion bederatzi puntuko bertso eder bat. Aurten, BEC ez da bertsozalez beteko, pandemiak aldatu egin baitu lau urtean behingo txapelketaren zikloa. Hala ere, su txikiek bizirik diraute, han eta hemen, hain ikusgarria ez den lan isilean.

Ez dago leku hoberik elkarrengana biltzeko, su eder baten ingurua baino. Horixe dira bertso-eskolak. Bertsoa dute ardatz, hitzak josi, tolestatu, behar den lekuan kokatu eta ondo egokitutako doinuz plazaratzeko gogoaren elkarguneak dira. "Bertsotan ikasteko" lekuak baino, sormen-guneak dira, elkarrekin.

Ez dago bertso-eskola bat beste baten berdina denik. Hainbat aldagai daude, bakoitzari ezaugarri bereziak ematen dizkiotenak: parte-hartzaileen adina izan daiteke bat, edo kopurua… edo baita elkartzeko helburua bera ere. Aurkituko duzu bertsoaren mundua deskubritzera datorren gaztetxoz osatutako talde bat, jolaserako prest datozenak, irakasleak proposatutako dinamikei adi; eta, era berean, aurkituko duzu bertsotan egiteko leku bat behar duen heldu talde bat, autonomoa, gidari-lanen ardura bere parte-hartzaileen artean txandakatzen duena.

Une honetan, Araban, 30 bertso-eskola daude martxan: 24 dira bertso-eskola gidatuak, hau da, irakasledunak (20 irakasle inguru ari dira jo eta ke lanean), eta, horiez gain, sei bertso-eskola autonomo ere elkartzen dira. Panorama dinamikoa da, gainera: Zigoitian eta Bastidan bi bertso-eskola berri sortu dira orain gutxi. Gasteizko Amaia Zentroko taldeak eta Bertxilika bertso eskola; Gorbeialdeko Legutio, Aramaio, Zuia; Lautadako Agurain, Araia edo Zalduondoko taldeak; Kanpezu…

Su txikiz argituta ageri zaigu mapa. Inprobisazioa ardatz, epe luzerako lana eta ikuspegia dute oinarri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago