Aramaioko Izenbakuek garaile Arabako Bertso Kuadrilla arteko finalean

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2020ko urr. 12a, 08:30

Urtarrilean hasiera eman eta martxotik irailera geldialdia egin ostean, 2020ko Kuadrilla artekoa helmugara heldu da; denera 200 lagunetik gora aritu dira. Aramaioko Izenbakuek taldeak lortu du garaipena.

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketan bat bateko 12 talde eta idatzizko modalitateko 12 talde aritu dira; guztira, 200 lagunetik gora. 12 saio eta 3 finalaurrekoren ostean, urriaren 10ean, larunbatean, Murgiako finala iritsi zen.

Eguerdian hasi zen bertso festa Palatu kirol eremuan, XXV. Arabako bertsolari gaztetxoen Eskolarteko finalarekin. Bertso gose zenarentzat, arratsaldeko hiruko final handia zegoen zain. 16:30ean ireki ziren aretoko ateak, eta Lander Otaola eta Jon Zelaietaren trikiti doinuan joan ziren sartzen bertsozaleak, era mailakatuan.  

Txapelketan zehar parte hartutako talde kontrarioak eta bertso lagunak, taldeen jarraitzaile eta kuadrillakoak, nahiz idatzizko modalitatean parte hartutako kideak elkartu ziren finalera sailkatutako Izenbakuek, Sumendiola bete poto eta Konde basoko iluek hiruko bertso lehia entzutera. 110 lagun kantxa eta gradan, beharreko segurtasun distantziara lekutuak.

Saioaren kronika

Dena prest final handirako; bertsolariek kamiseta koloretsuak soinean eta entzuleak prestu. Hasi zen saioa, bertaratutakoen ikusmira sortu zuten taldeek kantatutako agur berezi zein landuek.

Kantuan aritutakoak Sumendiola bete poto taldeko Julen Martiartu, Gerezti Unanue, Oier Lakuntza, Maddi Juaristi eta Beñat Garaio izan ziren. Izenbakuek taldekoak Manex Agirre, Danel Herrarte, Andere Arriolabengoa eta Peru Abarrategi. Eta, azkenik, Konde basoko iluek taldean, Xabi Igoa, Paula Amilburu, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi aritu ziren. 

Zortziko txikian, Egunean behin jolasean pika-pika egon ziren Aitor eta Julen, online salmentara pasa ala ez komeni zitzaien eztabaidan aritu ziren Andere eta Oier, bertso ale ederrak tarteko.

Publikoari irri eragin zieten seiko motzeko Beñat eta Xabiren ibiliek, konfinamendu garaiak elkartu eta normaltasun berriak urrundu zituen bi bizilagunak. Jarraian, bikote bila ibili ziren Manex eta Martin alargunak.

Puntuari erantzunez jarraitu zuen saio puntuagarriak. Iparragirre doinuan, hozkailuan galdutako urdaiazpikoaren bila ibili ziren Sumenditarrak. Kondetarrrak diskoteketan nahi ez zituzten 40 urteko gazte-zaharren paperean jarri zituen gai jartzaileak. Sukaldari lanetan aritu ziren Izenbakuek.

Lander Otaola eta Jon Zelaieta musikariek lagunduta aritu ziren bertsolariak, koplaka, kartzelako ariketan, egungo gizarteari nola aurre egingo lioketen kantatuz.

Izenbakuek garaile

Behin lan puntuagarriak amaituta, epaimahaiko kideen erabakia egina zegoen: Izenbakuek taldea zen 2020ko bertso Kuadrilla artekoaren garaile.

Aurtengoan, Arabako produktuz osaturiko Kuadrillarteko zakua eraman zuten taldeek sari gisa: ABRAko ardoa, Arabako jatorrizko deiturako txakolina, Garlaneko babarrunak, Erroiz olio errotako Abuelari edizio mugatuko olioa eta Udapako labeldun patatak. Finalera heldutako lagunek Unai Gaztelumendiren talde karikatura ederra jaso zuten, eta irabazleek Arabako bertsoak bezala sustraiak errotzen joango den Ficus landare bat.

2020ko Kuadrillartekoak erreleboa pasa dio 2021eko Arabako banakako bertsolari Txapelketari.

Jatorrizko kronika eta informazio gehiago topatuko dituzue Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide