2020ko Arabako Bertso Kuadrillartekoaren finalak martxoaren amaieran izan behar zuen, eta hala izango zen, tartean pandemia bat sartu izan ez balitz. Ondoren gertatu denaz ez gara hemen jardungo. Hala ere, bada, agian, azpimarratu beharreko zerbait: kuadrillartekoa, desagertu gabe, lo egon da hilabete guzti hauetan. Orain, berriro esnatzear dago.
Larunbat honetan, urriaren 10ean, bertsozaleek bustiko dute Gorbeia mendiaren magala. Zuiako Palatu kiroldegian (Murgian) jokatuko da 2020ko Bertso Kuadrillartekoaren azken saioa; finala, hain zuzen ere.
"Hiru talde ariko dira kantuan larunbatean, 17:00etan, Zuiako Palatu kiroldegian"
Hiru talde ariko dira kantuan, 17:00etatik aurrera: Aramaioko Izenbakuek eta Kondebasoko Iluek, eta Gasteizko Sumendiola bete poto. Izenbakuek eta Sumendiola bete poto taldeek martxoa baino lehen lortu zuten finalerako txartela; Konde basoko iluek taldea joan den irailaren 26an sailkatu zen, Amurrion, Errexala taldearen aurka jokatutako atzeratutako saioan.
Hiru taldez osatutako finala berez da berezia. Denok ezagutzen dugun egoerak are bereziago egingo du, ordea. Bertsozale Elkarteak murriztu egin behar izan du egun osoko egitaraua: ez da, hasiera batean bezala, goizeko jarduerarik eta herri-bazkaririk egongo. Eta finala gaur egun kultur ekitaldiek bete behar dituzten baldintza guztiak beteta egingo da, kiroldegiko kantxan.
Hala ere, kuadrillarteko finala ez da urriaren 10eko bertsosaio bakarra izango. Goizean, 12:00etan, gaztetxoak dira bertso-aperitiboaren ardura izango dutenak. Maiatzean egin ezin izan zuten eskolarteko finalean ariko dira 14 eta 18 urteen arteko mailan sailkatutakoak: Aguraingo Beñat Cano; Gasteizko Eukene de los Aires eta Hegoi Amabizka; eta Aramaioko Gari Arexolaleiba, Danel Herrarte eta Aitor Ugarte.
Garai bereziak bizi ditugu. Final egun guztiak dira ohiz kanpokoak; aurtengoa, are bereziagoa izango da. Hori bai: doinuz jositako hitzak izango dira larunbat honetan ardatz, beste edozein bertso-saiotan bezala.