Udazken loreak biltzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2020ko urr. 6a, 10:26

Arabako Eskolarteko txapelketako lehen fasea urriaren 2an abiatu zen Agurainen, Gasteizen eta Aramaion. Horrenbestez, erabakita geratu dira urriaren 10ean kantatuko duten sei finalistak.

Inoiz baino goizago jarri dira martxan aurten 14 eta 18 urte bitarteko gazteen Arabako bertso-eskolak. Udaberria bideo-dei bidez bertsotan igaro ostean, presentzialki elkartzeko gazteen eta irakasleen gogoak lagunduta. Kobazulotik irteteko garaia da eskolartekoa, eta maiatza beharrean udazkenerako heldu da oraingoan. 

Aurreko ostiralean, urriaren 2an, eskualde mailako eskolarteko gazteen topaketak izan ziren Agurainen, Aramaion eta Gasteizen. Guztira, 15 gaztek hartu dute parte saio horietan, bertso-eskolako ateak ikasturte berrirako modu berezian zabalduz. Sei bertsolari nabarmendu dira hiru saioetan, eta finala larunbat honetan izango da, 12:00etan Murgiako Palatu kirol eremuan.

Aguraingo Beñat Cano, Gasteizko Eukene de los Aires eta Hegoi Amabizka, eta Aramaioko Gari Arexolaleiba, Danel Herrarte eta Aitor Ugarte izango dira kantuan. Agurrak kantatu ostean, ofizioka bina bertso zortziko handian, ofizioka hiruna bertso zortziko txikian, bi punturi erantzun eta gaiari bertso bana bota beharko dizkiete.

Lanak osatutakoan erabakiko dira 2020ko txapeldun eta azpitxapelduna, Euskal Herriko eskolarteko finalean kantatuko duten Arabako ordezkariak. Arabako bertsozaleen egun berezia iluntzera arte luzatuko da, Murgian bertan izango baita Kuadrillarteko bertso txapelketako finala, arratsaldean. 

Inbidia sanoa duen ororentzat zabalik daude bertso-eskoletako ateak, aurreko astean esan genuen bezala, izena emateko epea zabalik dago urriaren 12ra arte, eta online egin daiteke.

Informazio gehiago topatuko duzue Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide