Arabako bertso-eskoletan izena emateko kanpaina hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2020ko ira. 30a, 07:23

Bertxoratu gurekin lelopean, abian da Arabako bertso-eskoletan izena emateko kanpaina. Izen ematea online izango da, eta urriaren 12a baino lehen egin beharko da.

Konfinamenduan, etxetik online bertsotan eginda amaitu zuten ikasturtea herrialdeko bertso-eskolek. Horietako askok ez zuten klase egun bakar bat ere galdu nahi izan.

Ikasturte berriaren hasiera berezi honetan, Arabako haur, heldu eta gazte ugari gogotsu daude lagun artean euskaraz sortuz gozatzen jarraitzeko. Beharrezko segurtasun neurriak hartuz, baino elkarrekin eta ahal delarik aurrez aurre.

Arabako 11 herritan dago une honetan bertso-eskola, adin tarte guztietako taldeak martxan daudelarik. Guztira 150 ikasle baino gehiagok parte hartzen dute urtero. Jendaurrean aritzen, paniko eszenikoa gainditzen, ideiak modu eraginkorrean antolatu eta azkartasunez inprobisatzen ere ikasten da bertso-eskolan. Kantu inprobisatuaren bidez, gero bizitzako arlo askotan baliatu ahal izango dituzten hainbat trebetasun sozial eta pertsonal eskuratzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek.

Euskararentzat esparruak irabazi

Eskaintza gehienek beren parekoa dute gazteleraz, eta zaila da egoera honetan euskararentzat esparruak irabaztea. Are gehiago euskararentzat hain gogorra izan den urte honetan. Baina bertsoa euskaratik dator eta euskaraz da soilik, horrek oso berezi egiten du. Bertso-eskola euskara informal, lagun arteko eta naturalago batenganako zuzeneko zubia izan daiteke. Zuzeneko eragina du ikasleen euskararen erabileran, jarreran eta kalitatearen hobekuntzan. Baina, batez ere, lagun artean gozatzeko lekua da.

Bertxoratu gurekin!

Aurtengo kanpainako kartelak Eñaut Aiartzaguenaren sinadura dauka, eta ederki adierazten du Arabako bertso-eskoletako ikasle eta irakasleen kanturako gogoa eta bizipoza.

Informazio gehiago nahi duenak Arabako Bertsozale Elkartera deitu (945 01 05 05 telefono zenbakian) edo emaila idatzi dezake araba@bertsozale.eus helbide elektonikora. Izena ematea inoiz baino errazago izango da, eta online formularioa betez egin daiteke urriaren 12a baino lehe; Elkartea izena ematen dutenekin harremanetan jarriko da taldeak osatzeko. 

Informazio gehiago topatuko duzue Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide