Bastidako Oholtzapetik saioan Oihane Perea izan zen txalotuena

Bizi joan zen saioa, 50 lagundik gorako publikoaren konplizitatean. / ARABA BERTSOZALE

Bastidan ospatu zen Oholtzapetik egitasmoko 2020ko 3. jardunaldia. Oihane Pereak irabazi zuen finalerako txartela, bertan jaso zuen txalo zaparrrada zaratatsuaz babestua. Ostiral honetan, Maeztuko saioan erabakiko da finaleko laukotea.

Unai Anda, Aroa Arrizubieta, Orlando Arreitunaindia eta Oihane Perea bertsolariak izan ziren Oholtzapetik egitasmoko hirugarren saioko protagonistak, Idoia Marauri gai-jartzailearen agindutara. 

Bizi joan zen saioa, bertaratutako 50 lagundik gorako publikoaren konplizitatean. Ale batzuk umoretik, besteak gai serioago batzuri lotuta, publilkoaren gozamenerako. 

Azkenik, publikoaren txalo bolumenaren arabera, txalometroaren juzgoz, Oihane Perea izango da datorren uztailaren 17an Araiako finalean kantatuko duena, Felipe Zelaieta eta Peru Abarrategirekin batera. 

Bertako kioskotik kantuan jarri nahi izan ziren bertsolariak, baina segurtasun distantzia mantendu ezin zitekeenez, hurrengo baterako lotu beharko dugu zita.

Hurrengo hitzordua Maeztun

Oholtzapetik egitasmoaren laugarren saioa datorren ostiralean, uztailak 10, Maeztun izango da, 20:00etan. Eli Plazaola gai jartzailearen eskutik, Manex Agirre, Manu Bendala, Xabi Igoa eta Rikardo Gonzalez de Durana arituko dira.

Segurtasun neurriak

Arabako Bertsozale Elkarteak eta tokian tokiko Udalek entzuleen osasun eta segurtasuna bermatuko dituzten neurriak hartuko dituzte. 

Saioaren eremura aurretiaz joateko eskatu zaie bertsozaleei. Derrigorrezkoa izango da maskara jarrita izatea eremuan sartu eta irteteko, 1,5 metroko distantzia mantentzerik ez bada. Saioak irauten duen bitartean, jarlekuetan maskara gabe egon liteke. Eserlekuak banakakoak edo binakakoak izango dira, eta 1,5 metrotako distantziara egongo dira; hauek saio aurretik eta ostean garbitu eta desinfektatuko dira. 

Bertaratutako zaleei antolatzaileen argibideei kasu egiteko eskatu zaie.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago