Orain arte, 14 urtetik beherakoen Arabako Bertso Eskolartekoa maiatzean ospatu izan da, eskualde bakoitzeko topaketarekin, eta bertan eskualdean aukeratutako lanak entzuteko aukera izan da. Horrez gain, eskualdeetako bertso lan batzuk Arabako finalerako aukeratu izaten dira. Aurtengoa, ordea, ezberdina izango da, baina ez zaio burutzeari utziko.
Maiatza kobazulotik apurla-apurka ateratzeko garaia izango dela badirudi ere, egoera arraro honetan, topaketak, jende aurreko emanaldiak eta festak egokitu behar izan dituzte halabeharrez. Horrek, baina, ez du Arabako Eskolarteko Bertso Txapelketa geldiaraziko, eta haurren sormenari bidea ematen jarraituko dute.
Bertsolaritza ikastetxean edo bertso-eskolan lantzen duten 14 urte bitarteko haurrek bertso idatzien lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute udaberrian. Maiatzean zehar, eskualde bakoitzeko lan aukeratuak bertsozale elkartearen webgunean argitaratuko dituzte. Ekainaren 6an finalistak zeintzuk diren jakinaraziko dute, eta saridunek Hotza Extrem abentura parkean egun pasa ederra izango dute opari, irailaren 13an ikasturte berria gogoz hasteko.
Hiru gai daude aukeran:
- Nola ikusten duzu mundua etorkizunean?
- Animalia bihurtzeko aukera bazenu ze animalia aukeratuko zenuke eta zergatik?
- Ikusezina bazina, zer egingo zenuke?
Lanak banaka edo taldeka aurkeztu daitezke. Emailez bidali behar dira maiatzaren 21a baino lehen araba@bertsozale.eus helbidera.
Bertsoekin batera parte hartzaileen izen abizenak, ikastetxea eta maila jarri, eta baita kontaktatzeko modua ere. Animatu eta parte hartu!