Katalunia eta Euskal Herriaren arteko zubia

Bertsolaritza eta glosa uztartu zituzten abenduaren 6an Zuian./ Xevi Vilaregut

Bertso-glosa saioa egin dute abenduaren 6an Zuian.

Katalanek eta euskaldunek harreman berezia dutela aski jakina da. Zeinek ez du, gutxienez, katalan bat ezagutu bidairen batean, manifestazioren batean, gutxien espero zenuenean,…? Eta zeinek ez du lagun katalan bat? Antzeko egoera bizi dutenen herrien arteko gertutasun hau ohikoa da, eta are gehiago kantu inprobisatuaren tradizioa ere partekatzen denean, kataluniarren eta euskal herritarren artean gertatzen den bezala.

Gasteizko "Sumendiola bete poto" bertso-eskolak harreman estua egin du azken urte honetan Kataluniako Manlleu herriko glosa taldearekin, eta Manex Agirre Gorbeialdeko euskara teknikariaren bitartez, Zuiako udaletxeak bertsolaritza eta glosa uztartuko zituen saio bat antolatu zuen abenduko zubirako, bi herrientzako hain adierazgarria den Konstituzioaren zubian, alajaina.

Saioaren helburua bi herriak ahalik eta gehien elkartzea zen, Zuiako gaztetxera hurbilduko zen entzuleari zubi honetan "benetan ospatzeko zerbait eskaini ahal izateko". Horretarako, katalanek gure doinuak ikasi zituzten eta alderantziz; eta ariketak ere denetarikoak izango ziren. Behin prestaketa lanak eginda, zailena falta zen: entzuleak erakartzea eta saio polita ateratzea.

Iritsi zen abenduak 6ko arratsaldea eta 19ak jo baino lehen antolatzaile eta inprobisatzaileak azken xehetasunak ixten ari ziren Zuiako Gaztetxean. "Baina nola zen doinu hau?", "Aldi bereko itzulpena egongo da pantaila batean?", "Trikitilariak noiz igo behar dira?", "Mesedez, azken soinu proba!" (eskerrik asko Jonmi),…

Atzerapen arabarrarekin igo ziren eguneko protagonistak oholtzara: Arabatik Unai Anda (etxean jokatzen zuen), Izar Mendiguren eta Iñaki Viñaspre, eta Kataluniatik Nuria Casals (Herrialde Katalanetako egungo txapelduna), Carolina Font, Irene Marginedas, Alex Pujols, Ramon Terricabras eta Immaculada Tubau. Gaiak trebe ematen Ainhoa Aizpurua eta Naroa Hernandez aritu ziren, eta Quim Camprubi, berriz, doinu katalanetan musika jartzen.

Zuiako gazteen bertso-eskolak ongi-etorri bertso batzuk bota ondoren, kataluniar erara hasi ziren inprobisatzaileak kantuan: "Aurkeztu zuen burua eta esan, gaurkoa bezalako egun seinalatuan, zer maite duzuen Espainiatik", Beget doinuan.

Zortziko handia eta txikiaren tartean (zeinen ondo moldatu ziren katalanak gure bertsokerara), katalanek pròces-a ume batzuen ikuspegitik azaldu zuten eta horrela joan ziren ariketak bata bestearen atzetik igarotzen, politika, elkartasuna eta eguneroko kontuak hizpide hartuta.

Saioa urduri hasi arren, berehala erritmoa hartzen joan zen eta txalo eta oihu sentitu asko entzun ahal izan ziren, adibidez, emakume guztiek belaunaldi ezberdinetako bizipenak partekatu zituztenean, "Iparragirre kolaboratiboa" doinuarekin edo Immaculada eta Viñaspreren bakarkakoekin.

Eztanda, baina, bukaeran etorri zen: hiru ariketa gogoangarri utzi zizkiguten bertsoglosariek, saioari amaiera borobila emanez. Lehenik eta behin, "Aigua gelida" doinuarekin, euskaldunek hitz bat ematen zieten katalanei hauek bertsotan hitz horren esanahia asmatu zezaten, eta alderantziz. "Txitxiburduntzi", "Carquinyoli",… asmatu gutxi asmatu zuten, baina beraien saiakerekin Zuiako gaztetxea bete zuen entzuleak erruz egin zuen barre. Ondoren librean aritu ziren "Carolino" doinuarekin eta bukaerako agurrekin sinatu zen konstituzio berria: euskaldunak "seguidilla" azkarrekin eta katalanak "Garrotin" doinu itsaskorrarekin.

Ia bi orduko saioaren ostean, gustura oholtzakoak eta gustura publikoa ere. Hala ere, gauak oraindik ere ez zuen bere azken hitza esan, izan ere, herriko trikitilariekin bertso-poteoa egin zen herriko tabernetatik eta antolatzaile eta parte-hartzaileen afariaren aurretik dantza ere egin zuten oraindik glozatzen jarraitzen zutenek. Esan beharrik ez dago afari hori ordu txikiak arte luzatu zela, kantuz kantu.

Zuiako udaletxe, gaztetxe eta herriari eskerrak ikuskizun ederra bizitzeko aukera izan genuen, bi herrien arteko elkartasuna kantuan bapatean indartuz. Ziur ez dela eraikitako azkenengo zubia izango.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide