Egilea: Arabako Bertsozale Elkartea.

'Bertsoa bizi gazte' eta eskolarteko txapelketa elkartuko dira larunbatean, Legution.

Bertsoa Bizi Gazte edo BBG ekimena azken txanpan sartu da, udaberriak bete-betean harrapatu gaituen honetan. Arabar gazteek nahikoa lan egin dute, munduari kontatzeko dutenari forma eman eta biltzeko. Maiatzaren 11n, larunbatarekin, izango dute erakusteko aukera, Legution.

2016an abiarazi zuen Arabako Bertsozale Elkarteak Bertsoa Bizi Gazte egitasmoa, gazteen euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Ardatz nagusi euskarazko sorkuntza du ekimenak, baina ez bide bakarretik adierazita: bertsoa, musika, rapa… edo bestelako adierazpide artistiko ezberdinez baliatuta, ikus-entzunezko pieza bat sortzea da parte-hartzaileek duten erronka.
2016tik hona egindako ibilbideak balorazio ona jaso ondoren, 2018ko arrakasta errepikatu edo hobetzeko asmoa du 2019ko edizioak. Izan ere, 13 taldek eginiko lanak aurkeztu ziren lehiaketan, Gasteiz, Gorbeialdea, Mendialdea, Aiaraldea, Lautada eta Arabako Errioxako taldeen eskutik.

Taldekako egitasmoa da: hiru eta zortzi kidez osatutako gazte sortzaile taldeek hartu dezakete parte lehiaketan. Honezkero, jaso beharreko lanak jaso ditu Arabako Bertsozale Elkarteak, egitasmoaren arduradunak, eta azkeneko prestaketak egiten ariko dira. Maiatzaren 11n, larunbatez, izango baita BBG eguna, eta bertan bilduko baitira lanak aurkeztu dituzten taldekide guztiak, bideoklipak ikusi, sariak banatu, elkarrekin bazkaldu… eta egun eder bat pasatzeko.

Hala ere, ez da Legution larunbat honetan egingo den ekitaldi bakarra izango. Berarekin batera, Arabako bertso eskoletan jo eta ke dabiltzan gaztetxoek Eskolarteko Txapelketaren finala izango dute bertan. Bat-bateko sormenaz gozatzeko aukera ere izango da, beraz.

Eta txikienak, kobazulotik kanpora

Bertsoen oinak (errimak) buruan dituztela etorriko dira 14 urtetik beherakoak ere, maiatzean. Oinak buruan… saguzarren antzera, beraz. Baina kobazulotik ateratzeko gogoarekin, hauek ere. Maiatzean zehar egingo dituzte, beraiei dagokien mailako Eskolartekoaren barruan, eskualdeetako topaketak, eta maiatzaren 25ean bukatuko da dena, Zigoitiko Bengolarra frontoian egingo den festa eder batekin.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide