Amaitzera doa 2019ko Arabako Bertso Txapelketa, eta horrekin batera iritsiko da arabar bertsozale askok agendan aspaldi gordeta genuen data: martxoak 30eko finala. Aurten, eta nire bertso-eskolakoek bultzatuta (#goramorralla), "bertsolari" gisa hartu dut parte estrainekoz, eta Elkartetik nire bizipenak partekatzeko eskatu didate.
Lehenik eta behin, saioak jarraitu dituen bertsozaleari nire eskerrik beroenak eman nahiko nizkioke. Ez dakizue nola sentiarazi nauzuen (gaituzuen) saio bakoitzean zehar eta ondoren. Publikoarekin zorretan nago eta hemen promesa bat: beste txapelketarik badago, urduritasunak eta esperientzia faltak erakusten utzi ez didana eman nahi dizuet bueltan.
Bigarrenik, txapelketa barrutik ezagutzeko aukera izan dugunok adiskide-talde bat ezagutzeko aukera ere izan dugu, baita beste mundu berri bat ere. Honegatik bakarrik ere merezi zuen sufrikarioak.
Hirugarrenik, bertsolarien barruan ere oso babestuak sentitu gara hasiberriak. Aroa, Aitor eta Unaik jarraipen itzela eman die gazteagotan hasi zuten ibilbide sendo horri; eta Manu eta biok, berriz, berandu deskubritu genuen pasio hau are gureago egin ahal izan dugu. Bide batez, Serapio, zure aipamenek oraindik ere jarraitzen dute.
Esan bezala, larunbatean arabar bertsozaleon eguna da. Sei bertsolari fin eta bizi, eta publikoan ehundaka lagun giroa berotzeko eta "bertsoekin berotzeko" prest. Urtean zehar saio paregabe ugari daude Araban, baina oraingo honetan finalaz gozatzeko txanda da. Zorte on seirei, ederki egingo duzue.