Joan den larunbatean aurkeztu zen 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketa, Zalduondon, hiru zalduondoarren eskutik: Oier Suarez Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen arduraduna, Oihane Perea 2017ko txapelduna eta Bernardo Atxaga idazlea. Bertan izan ziren txapelketaren mekanismoa osatzen duten gainerako kideak ere: bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak, antolatzaileak. Txapelketa martxan da!
Bi urtean behin, marka bat gehiago jartzen zaio Araban bertsogintza egiten ari den bideari. Horixe baita txapelketa bera: ez helmuga bat, ez norabide bat; orain dela hainbat hamarkada hasitako bidean jarritako marka bat gehiago, seinale bat agian, besterik ez. Bertsoa bizitzeko modu bat.
Hala ere, marka garrantzitsua da, antolakuntza-lan handia eta azpimarratzeko moduko jende-mugimendua suposatzen duelako txapelketak. 2018ko sailkapen fasean 27 bertsolarik eman zuten izena, eta, orain bi urteko finalistetatik aurten parte hartzea erabaki dutenez gain, beste 13 bertsolari izango ditugu asteburu honetatik aurrera lehian. 18 laguneko taldearen barruan, esperientzia luzedun bertsolariez gain, badira lehenengo aldiz txapelketan parte hartzen duten lagun mordoxka bat ere. Denetariko bertsokerak, doinuak eta gaiak entzuteko aukera izango dugu, beraz, otsailean eta martxoan zehar.
Hiru fase izango ditu txapelketak: otsailaren 9an, larunbat honetan, Araian hasiko da lehenengo fasea. Horren ostean etorriko dira Zigoitiko eta Aramaioko final laurdena, eta finalerdien faseari zabalduko die bidea. Legution eta Dulantzin izango dira fase horretako saioak, eta bidearen marka nagusia martxoaren 30ean jarriko du txapelketak, Principal Antzokian egingo den finalean.