Testuingurutik kanpo

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2018ko abe. 13a, 17:31

Bertxoko sariketa: Arabako Bertsozale Elkartearen eta Hala Bedi Irratiaren arteko lankidetzari esker martxan jarritako ekitaldi… ez oso konbentzionala.

Joan den azaroaren 29an bukatu zen aurtengo edizioa, Hala Bedi tabernan, eta Aroa Arrizubieta izan zen aurtengo "tronpetaduna".

Hamabi bertsolari arabar gaztek hartu dute parte aurtengo edizioan. Hala Bedi irratiko Bertxoko irratsaioko crew-a izan da antolatzaile, eta laguntzaile izan ditu Lautadako, Mendialdeko eta Aramaioko Bertso Eskolak. Ez baitira alferrik egin kanporaketak Arabako lurralde luze-zabalean: Zalduondon, Korresen eta Aramaion, hurrenez hurren.

Hala ere, Gasteizko Hala Bedi tabernan izan zen sariketaren hitzordu nagusia, azaroaren 29an. Aurreko hiru saioetatik bina bertsolarik egin zuten aurrera, eta horrela geratu zen finala osatu zuten seikotea: Jon Ruiz de Pinedo, Aitor Ugarte, Martin Abarrategi, Xabi Antia, Aroa Arrizubieta eta Unai Anda.

Horraino, dena behar den bezala, ohiko sariketen formatua errespetatua. Zortziko handian eta txikian ofiziotan aritu ziren parte-hartzaileak, binaka. Hor ere, egitura klasikoari men eginez. Ordea, hirugarren bertsoaldia iritsi zenean apurtu ziren eskema guztiak. Bertxokok berezkoa duen ariketa sui generisean aritu behar izan zuten 6 bertsolariek: MC Serapio imitatuz egin beharreko rap bereziaren erritmora. Serapio Lopez bertsolari baranbioarraren estilo nahasezinean, alegia: arabar bertsolari gazteen artean jada ezagun egin den rap performance berezian. Hala Bedi tabernako ikus-entzuleek bat egin zuten bertsolariekin ariketa horretan. Gauzak bere ohiko testuingurutik ateratzen abilak dira bertxokotarrak, eta, hala egin eta funtzionatzen duenean, gozamen hutsa da.

Aitor Ugarte aramaioarrak eta Aroa Arrizubieta gasteiztarrak egin zuten aurrera buruz-burukoan. Estua izan zen azken txanpa, eta Aroa Arrizubietak eraman zuen saria, azkenean.

Sariketaren saioren batekin gozatu duenak, edo lerro hauek irakurri eta gehiago jakiteko gogoa piztu zaionak, erraza dauka: asteazkenero, 20:00etatik aurrera, Hala Bedi irratian piztu, eta entzun Bertxoko!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide