2019ko Arabako Bertsolari Txapelketan arituko den 18kotea erabakita dago

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2018ko urr. 30a, 10:41
Aguraingo laugarren kanporaketa. ABE

2019ko Arabako Bertsolari Txapelketa otsailaren 2an aurkeztuko da, eta finala martxoaren 30ean jokatuko da, Gasteizko Principal antzokian.

Otsailean hasiera emango zaion 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketa jokatuko duten bertsolariak erabakita geratu dira, azken asteburu honetan hiru kanporaketak jokatu eta gero. Zuzenean sailkatutako 2017ko bost finalistak eta kanporaketetan sailkatu diren lehen 13ak, denera 18 bertsolari. Oihane Perea, Manex Agirre, Xabi Igoa, Iñaki Viñaspre eta Serapio Lopez izan ziren iazko finalistak. Eta kanporaketetan sailkatutakoak ondorengo 13 hauek dira: Andere Arriolabengoa, Irati Anda, Rikardo Gonzalez de Durana, Peru Abarrategi, Aroa Arrizubieta, Ainhoa Comas, Beñat Garaio, Aitor Ugarte, Felipe Zelaieta, Unai Anda, Izar Mendiguren, Paula Amilburu eta Manu Bendala. 

Bastidako kanporaketan, Eli Plazaola gai-jartzailearen aginduetara aritu ziren sei bertsolariak. Rikardo Gonzalez de Duranak lortu zuen txapelketarako txartel zuzena. Hauxek izan ziren bertsolariek lortutako puntuazioak: Rikardo Gonzalez de Durana 178 puntu, Jon Ruiz de Pinedo 152,5 puntu, Unai Mendibil 146 puntu, Xabi Antia 129,5 puntu eta Iñaki Cabeza 129,5 puntu. Xabi Igoa 2017ko finalista izateagatik zuzenean sailkatua dago, saioa osatzeko aritu zen saio honetan kantuan.

Agurainen, berriz,, Etxaun Otañok jarritako gaiei erantzunez aritu ziren 6 bertsolariak. Peru Abarrategi, kanporaketako irabazlea, zuzenean pasako da txapelketan jokatzera. Bertsolariek honako puntuazioak lortu zituzten: Peru Abarrategi 179 puntu, Ainhoa Comas 172 puntu, Oier Arbina 142 puntu eta Aitor Najera 132,5 puntu. Jagoba Apaolaza baja izan zen saio honetan eta Oihane Pereak ordezkatu zuen puntuatu gabe. Iñaki Viñaspre 2017ko finalista izateagatik zuzenean sailkatua dago, saioa osatzeko aritu zen saio honetan kantuan.

Eta azkenik, Murgian jokatutako bosgarren eta azken kanporaketan, Aitana Iradier gai emailearen esanetara izan ziren bertsolariak. Aroa Arrizubieta izan zen kanporaketako garaile eta beraz txapelketako 18kotea zuzenean osatuko duena. Bertsolariek lortutako puntuazioak ondorengoak izan ziren:  Aroa Arrizubieta 177 puntu, Beñat Garaio 166 puntu, Felipe Zelaieta 161 puntu, Martin Abarrategi 147,5 puntu, eta Xabi Rico 141 puntu. Serapio Lopez 2017ko finalista izateagatik zuzenean sailkatua dago, saioa osatzeko aritu zen saio honetan kantuan.

2019ko Arabako Bertsolari Txapelketa otsailaren 2an aurkeztuko da, eta finala martxoaren 30ean jokatuko da, Gasteizko Principal antzokian.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide