Txapelketaren atarikoak

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2018ko urr. 19a, 13:16
Maeztun izango da lehenengo saioa, larunbatean. /ABE

2019an Arabako Bertsolari Txapelketaren edizio berri bat izango dugu, Kuadrillartekoarekin tartekatuta, bi urtean behingo zikloarekin jarraituz.

18 bertsolarik hartuko dute parte bertan. Horretarako, aurre-lanak egin behar dira, ordea, 27 lagunek eman baitute izena txapelketan.

Bost kanporaketa jokatuko dira, beraz, 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duen taldea osatzeko. Horixe izango da aurtengo udazkenean jokatuko den sailkapen-fasearen helburua. Txapelketaren atariko indartsua da, beraz. Saio horietatik guztietatik, 13 bertsolari sailkatuko dira datorren urteko txapelketara; horiekin batera, 2017ko finalean kantatu zuten Oihane Pereak, Manex Agirrek, Xabi Igoak, Iñaki Viñasprek eta Serapio Lopezek poltsikoan dute jada txapelketan parte hartzeko txartela.

Bost kanporaketa, gure lurraldean zehar banatutako bost lekutan: Maeztun, Izorian, Bastidan, Agurainen eta Murgian. Saio bakoitzean nork kantatuko duen erabakitzeko, 2017ko txapelketan lortu zuten postua hartu da kontuan. Hala ere, badira iazko edizioan parte hartu ez zuten bertsolariak, eta horiekin osatu dira kanporaketak. Belaunaldi berriak badatoz, plaza-gosez, eta txapelketa izan daiteke pauso bat aurrera emateko aukerarik egokienetako bat.

Kanporaketetan, saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da txapelketarako, eta puntuaziorik onena jasotzen duten gainerako bertsolariek osatuko dute hamahiruko taldea. Ariketei dagokienez, txapelketaren aurre-lanak izateak ez du esan nahi eskakizun-maila suabeagoa izango denik. Bertso puntuagarrien kasuan, txapelketetan ohikoak izaten diren ariketak egin beharko dituzte parte-hartzaileek (guztira 10 bertso puntuagarri): binaka,  gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian, bakarka, hasierako puntua emanda, bertso bina zortziko txikian, eta
bakarka, gaia emanda, bertso bina neurri librean.

Datorren urtean bizi ahal izango dugunaren aurrekari izango da sailkapen fasea. Elkarrekin egoteko, girotzeko, eta zergatik ez, elkarren indarrak neurtzeko aprobetxatuko dute bertsolariek. Belaunaldi ezberdinen arteko nahasketak ohikoak dira txapelketetan, eta urriko bost saioetan ere biziko dugu hori, seguru. Animatu, atera agendak, eta apuntatu saioen datak: www.bertsozale.eus/araba 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide