Zubiak

Erabiltzailearen aurpegia Unai Mendibil 2018ko urriaren 2a

Eskolartekoan parte hartu duten hainbat gazte, Landan. /ABE

"Bertsoaren inguruan Araban sortu den mikromundua baliabide ezinhobea da euskaraz bizi ahal izateko".

Lurralde zabal bezain anitza da gurea. Tokian-tokiko eguneroko errealitateak markatzen du gure izaera eta bizimodua. Distantziak eta harreman ezak egiten gaitu horren ezberdin gure artean. Bada zerbait ordea Arabako zortzi eskualdeak elkartzen dituena, Euskara.

Euska(ra)ldun izatea ez da arabar gehienoi berez egokitzen zaigun zerbait. Euska(ra)ldun izatea ala ez, norberaren erabakia da. Konpromisoa, ilusioa eta ahalegina izango ditu bidai-lagun euskaraz bizitzeko erabakia hartzen duenak, helburu hori lortzeko tresna eta baliabide guztiak baliatuz.

Bertsoaren inguruan Araban sortu den mikromundua baliabide ezinhobea da euskaraz bizi ahal izateko eta mundua euskaraz ikusi nahi izateko. Sormenaren inguruan elkartu dira arabar gazte eta gaztetxoak azken urte hauetan, euskarazko sormenaren inguruan. Bertsoa Bizi Gazte eta Eskolartekoa bezalako proiektuei esker, zubiak eraiki dira eskualdeen arteko distantziak txikituz eta leku ezberdinetako gazteei elkar ezagutu eta hainbat bizipen eta sentsazio konpartitzeko aukera emanez. Mikrofonoak konpartitu dira, eszenatokiak, logelak, urduritasunak, barreak, lotsak…, Euskara eta sormena.

Hamaika bertso eta kanta sortu dira, norberaren sorkuntza bezala gordeko direnak. Baina, batez ere, euska(ra)ldunak sortu dira, Euskaraz bizitzea erabaki dutenak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago