Arabatik, Aroa Arrizubieta eta Aitor Ugarte izango dira Eskolarteko finalean

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2018ko eka. 5a, 16:51
Aroa Arrizubieta da egungo Eskolarteko txapelduna. / Argia

Sarako (Lapurdi) trinketean izango da finala larunbatean, 11:30etik aurrera; Eskolartekoaren 30. urteurrena ospatuko dute.  

Hogeita hamar urte beteko ditu aurten Euskal Herriko Eskolarteko txapelketak. 1989an jokatu zen lehen aldiz Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan, aurretik ere herrialdetako eskolartekoak egiten ziren arren.

Aurten, iazko agertokia errepikatuta, Saran izango da hitzordua. Trinketean izango da finala, 11:30etik aurrera. Zazpi lurraldeetako eta 15-18 urte bitarteko hamahiru bertsolari gaztek hartuko dute parte: Arabatik, Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002) eta Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001); Baxenabarretik, Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000) eta Julen Etxeberri Etxart (Zaro, 2001); Bizkaitik, Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango, 2000) eta Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000); Gipuzkoatik, Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001) eta Aner Peritz Manterola Euzkitze (Zarautz, 2002); Lapurditik, Hodei Renteria Maleta (Angelu 2000) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroatik, Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002); eta Zuberoatik, Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001).

30. urteurrena

Bi atal izango ditu saioak. Hasierako agurraren ondotik, binaka ariko dira zortziko handian zein txikian; eta gero, puntuazioz sailkatutako lehen seirek bakarkako ariketak egingo dituzte. Egitasmoaren 30.urteurrena tarteko, bertsolari eta Ikastolen Elkartean bertsolaritza sustatzaile arduratan aritu denak jantziko dio txapela irabazleari.

Saioa amaituta, ospakizunetan ohi denez, mahai bueltan jarraituko du festak: bazkaria izango da Sarako Lur Berri gelan, 14:00etan Idokiren eskutik, eta, ondoren, Saran'ga txarangaren doinuek eutsiko diote festaren txinpartari.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide