Bertso Kuadrilla artekoan, Aramaioko Ibabeko Bertaren Bilobak garaile

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2018ko mar. 19a, 09:57

Bat-bateko hamalau talde eta idatzizko modalitatean hamasei talde aritu ziren larunbatean Arabako bertso kuadrillarteko finalean, denera 300 lagun inguru.

Larunbata, hilak 17, Gasteizko Alde Zaharrean aurtengo Kuadrilla artekoaren finala eta jai eguna ospatu zen. Arabako bertso Kuadrillen eguna ere bai, parte izan diren hamalau taldeetako lagunak lanerako, bertsotarako eta gozatzeko prest, talde bakoitzak bere hazitxoa jarriz egun hau borobiltzeko asmoz. 

Goizean goizetik aritu ziren egunak zekarren plangintza aurrera eramateko lanean, Bertsozale Elkarteko furgoneta Gasteizko muinoan gora eta behera, Landatxo kiroldegiak egun honetan bere ikuslegoari eskaini behar zion guztia prest egon zedin.

Hamabiak jo aurretik taldeetako kideak gerturatzen hasi ziren Landatxora, oinez, kotxez edota Arabar Errioxarrak fansez betetako autobusez. Bertan, agurrak, besarkadak eta egun polit bat elkarrekin pasatzeko aitzakia, Kuadrillartekoa. Lautadako Jotafa taldeko musikarien doinuez lagunduta poteoan abiatu zen jende andana, Alde Zaharreko kaleak txingorrez zipriztintzen ziren bitartean bertso aleek bereak eta bi egiten zituzten bertaratutakoen ikusmiran.

Bazkari herrikoian ez zen jana eta edana falta izan, 150 lagun inguru elkartu ziren mahai inguruan. Bazkalostean, batzuk zein taldek irabaziko apustuak egiten eta beste batzuk falta ezin ziren trikiaren doinuan polka, fandango eta biribilketak dantzaten.

Bertsolariak oholtzara igo aurretik, kuadrillartekoaren sintonia, paretetan animo pankartak zintzilik eta irribarre urduri ñimiño bat. Dena prest final handirako, Oier Suarez aurkezlearen ahotsak entzun orduko oholtzaratu zira hamaika bertso lagunak, Erreralekor Birizik!, Txandrio eta Ibabeko Bertaran Bilobak taldetako kideak.

Kantuan aritutakoak Arabako Errioxako Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta eta Unai Bengoetxea Txandriotarrak. Aramaioko Xabi Igoa, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa Ibabetar Biloka. Eta Errekaleorreko Eñaut Otxoa de Eribe, Maddi Sarasua, Sabin Aranburu, Aitor Irastortza eta Peio Ormazabal. Gai jartzen Nieves Del Alamo eta epaitzen Mikel Marto, Jon Hidalgo, Josu Olano, Mikel Fernandez de Arroiabe, Ekaitz Elorriaga, Patxi Aizpurua eta Aitor Jimenez.

Hotzak kitatzeko moduko agurrak prestatu zituzten taldeek Raphaelen Mi gran noche  doinuan Txandrioarrek edota  Ibabeko Bertaren jauntxoari errebeldiaz nola aurre egin zionekoa kontatuz aramaioarrek.

Zortziko txikian eman zioten hasiera saioari, ale ederrak entzun zituzten inoiz aterki eramaten ez zuen Manex, Sabinen euritakopean zelarik.  Jarraian Ruben Santxez bertsolari neutralak atzeko hiru marrazki bizidunei jarri zizkien bertsoak. Gero, seiko motzean ofizioka Maddi eta Unai furgonetan joan ziren bidaian. Puntuari erantzunez jarraitu zuen saio puntuagarriak. Iparragirren doinuan martxoaren 8ko manian emakumezkoen paperean jarri zituen gai jartzaileak, jubilatuenean edota AHTa pasako den Lautadako nekazarien paperean. Kartzelako lana aurretik puntuka aritu ziren talde denak. 

Hotzak hitzak ere izoztuko zituela uste izan bazuten ere kartzelako lanak familiako trapu zahar eta sekretu pikaroenek giroa berotu zuten bertsolariek mahai bueltan ardoa zintzurretik barrena sartzen zuten bitartean. Irati Axpe eta Maialen Ballina musikariek lagunduta aritu ziren koplaka. 

Epaimahaiko kideen erabakia entzuteko unea heldu zen, Ibabeko Bertaren Bilobak 2018ko bertso Kuadrilla artekoaren garaile.

Opari eta oroigarri gabe ezin zen amaitu aurtengo edizioa ere, sariak ematen Arabako bertsogintzan alor ezberdinetan aritzen diren emakumeen ordezkariak, bat-bateko zein idatzizko talde parte hartzaileei made in araba produktuz osatutako otartxoa edota poltsa banatzen. Bertsolari finalistek gainera Kuadrillarteko argazkia jaso zuten oroigarri gisara eta Manex Agirre, Andere Arriolabengoa eta Xabi Igoa bertsolari garaileek pago bana, Arabako bertsogintzaren sustraiak errotzen ari direlako loratuko dira kimu berriak.
Eguraldiak ez zuen utzi Kuadrilla arteko kamiseta koloretsua luzitzeko parada handirik, akaso 2020an xirak edo termikoak diseinatu behar…

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide