Ez, finalekoa ez da Hirutasun Santua. Ez diegu finalera heldu izanaren meriturik kenduko, baina ez ditugu finalera iritsi direlako aldarera igoko. Elizaren hierarkiatik urrun dagoen egitura baitu Kuadrillarteko Txapelketak: talde guztiek eman dute dena, bakoitzak bere ezaugarriekin eta xehetasunekin. Gurtzera iritsi gabe, miresmenez ikusi ditugu plazara irten berrien izerdia, beteranoen auzolana eta laguntzaile finen inplikazioa. Finalak hirutasunaren antzik badu, kopuruan du antza: ohituta gaude bi talde elkarren aurka ikustera… zergatik ez hiru talde elkarrekin ikusi?
Kuadrillartekoak bertsoa du zutabe nagusi, baina txapelketa bat baino gehiago dela argi dago. Martxoaren 17an, Landatxo kiroldegiko oholtza gainean eta azpian, lehia eta festa uztartuko dira. Zeu bakarrik falta zara!
Egun osoko festa izango da Gasteizko alde zaharrean. Eguerdian, Gasteizko muinoan kokatu dagoen Landatxo kiroldegitik hasita, idatzizko eta bat-bateko taldeak arituko dira tabernaz taberna. Bazkal ostean finala jokatuko da. Bazkarian izena emateko deitu 675 70 79 71 edo idatzi araba.sustapena@bertsozale.eus. Finalerako sarrerak bertan jarriko dira salgai.
Orlando Arreitunandia /Txandrio:
"Kuadrila artekoa beti izan da berezia Errioxan, eta aurtengoak ere erakutsi digu bertso eskola bat baino bertso familia bat garela. Zalantzarik gabe ekarpen handiena San Bi taldearen plazaretzea izan da, bertsolaritzak Errioxan etorkizuna duenaren seinale. Baina etorri daitekenaren bila goaz bertsolaritza Errioxan edatu dadin."
Andere Arriolabengoa/ Ibabeko Bertaren Bilobak:
"Bi urtetik behin ospatzen dugun bertsoaren festa da Kuadrilartekoa. Talde izaera eta elkarlana bultzatzen dituen txapelketa. Aurtengoan ia herri guztia mobilizatu dugu, gazteengandik hasi eta jubilatuenganaino iritsi arte. Denok gara erokeri eder honen parte, sukaldari zein gai jartzaile, entzule zein grabatzaile, bertsolari zein epaile."
Sabin Aranburu/ Errekaleor Bizirik:
"Errekaleortarroi bi zentzutan ekarpen positiboak ekarri dizkigu aurtengo kuadrillartekoak. Batetik, bertsolaritza ikasteko eta disfrutatzeko aukera eman digu auzoan bertan, auzotarrok modalitate honetaz ikasiz. Bestetik, Araba mailako bertso giroa auzotarrek ezagutzeko aukera izan da, txundituta utzi gaituen inguru ederra ezagutuz."