Bi urteko zikloari hutsik egin gabe, gaur hasiko da 2018ko Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Martxoaren 17an Gasteizko Landatxo kiroldegian egingo den finalera bidean, taldea izango du ardatz aurtengoak, beste behin ere.
Ardatza mantendu egingo da, bai, baina adiskide zahar bat berreskuratuko du aurten, azkeneko ekitaldiarekiko berrikuntza gisa, kuadrillartekoak: lehia. Txapelketa izango da aurtengoa, parte hartuko duten taldeek hala erabakita. 14 dira lehiatuko diren taldeak, eta 4 ligatan hasiko dute beren ibilbidea. Liga bakoitzeko irabazleek (lau taldek) eta puntuazioaren arabera atzetik geratu diren lehenengo biek osatuko dituzte finalaurrekoak (6 talde, beraz). Landatxoko finalera 3 talde iritsiko dira, eta bertan ezagutuko ditugu aurtengo txapeldunak.
Txapelketaren egitura baino, agian deigarriagoa da taldeen beraien egitura. Ez dira bertsolariz bakarrik osatzen: taldean daude epaileak, gai-jartzaileak, musikariak, sukaldariak… Bertsogintza ez baita kantuan aritzea bakarrik: mugimendu oso bat du atzean. Eta horren erakusleiho zehatzena da kuadrillartekoa.
Arantxa Sobrino Lasa (Oion):
"Kuadrillartekoa bizipoza da. Bertsoaren inguruan gozatu. Bertso berriak sortu eta zaharrak berritu. Mahaiaren bueltan elkartu. Bertso-ale berriak plazaratu. Aurten ere kuadrillartekoa lagunartekoa izan dadila. Ongi etorri errimak eta doinuak, baita potoak ere; besarkadak eta barreak. Hori da kuadrillartekoak Arabako Errioxari dakarkiguna: bizipoza".
Xabi Igoa (Aramaio):
"Kuadrillartekoa indarberritze bat dela esango nuke. Gurean, zorionez, bertso eskola nahiko osasuntsu dago: ume eta gazteen taldeak ditugu, helduen bertso eskola astero biltzen da eta nolabait herrian eragiteko gaitasuna badugu. Kuadrillarteakoa baina, hauspo bat da lan horretan, eta batez ere eragiterako orduan; taldea osatzean, idatzizko taldea sortzerako orduan… herrian aztarna bat utziko duela esango nuke".
Maria Fuentes (Legutio):
"Kuadrillartekoa aitzakia eta aukera dira beti: berriz bildu eta kantatzeko, herriko jendea bertsotara hurbildu eta astintzeko, oholtzaren oinarriak apurtu eta publikoarekin berriak eraikitzeko. Ariketa edo esperientzia hau bertsozale berriak ezagutzeko aitzakia, eta bertsoen mundua uste duguna baino zabalagoa dela ohartzeko aukera besterik ez dira, eta horrela bizi nahi ditut".