Barakaldoko finalak duen oihartzuna itzela da; ez dira bertan 14.000 lagunetik gora elkartuko. Eta elkartuko direla ziur esan dezakegu, jada saldu baitira finalerako salgai zeuden sarrera guztiak. Telebistan eta sarean egongo da finala zuzenean jarraitzeko aukera: oraindik sarrerarik lortu ez dutenek, horrekin konformatu beharko dute.
Hainbesteko oihartzunik ez duten arren, finalaren aurreko saioek ere badute pisua. Txapelketaren bigarren fasean, finalaurrekoenean, sartuko gara datozen asteotan, eta fase hori Araban hasiko da, Bastidan.
Urriaren 28an, kanporaketetan aurrera egin duten Agin Labururekin, Jon Martinekin, Jone Uriarekin eta Nahikari Gabilondorekin batera, orain lau urte finalista izan ziren Igor Elortza eta Sustrai Colina izango ditugu udal kiroldegiko oholtza gainean.
Ondoren etorriko dira Irun, Maule eta Durango… eta horien ostean hasiko da finalaurrekoen 2. itzulia, hau ere Araban: azaroaren 19an, Amurrion, 1. itzuliko sailkapenaren arabera erabakiko den seikotea entzun ahal izango dugu Bañueta kiroldegian.
Arabarrak, presente!
Oihane Perea eta Asier Otamendi arabarrak izan ditugu txapelketan kantuan, Zallan eta Zumaian, hurrenez hurren. Ez dute lortu finalaurrekoetara pasatzerik, baina utzi dituzte ale ederrak bakoitzak bere saioan.
Halere, zabala da txapelketaren makinaria, eta arabar gehiago ere badira, bestelako zereginetan: Oier Suarez, Marta Ugarte eta Aintzane Irazusta gai-jartzen eta aurkezten; Ekaitz Elorriaga, Aitor Jimenez eta Mikel Fernandez de Arroiabe epaile-lanetan… Eta, ahaztu gabe, saioetako antolakuntzan parte hartzen duten elkarteko eta bertso-eskoletako hainbat eta hainbat kide.