Arabako Bertsolari Txapelketa prest

Larunbatean Arabako Bertsolari txapelketa aurkeztu zuten Laudion.

Otsailaren 5ean Langraizen hasiko da, eta apirilaren1ean amaitu, Gasteizko Printzipal Antzokian. 18 bertsolarik parte hartuko dute.

Arabako Bertsozale Elkarteak 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketa aurkeztu zuen larunbatean, Laudioko Areta auzoko Tunel tabernan. 2017ko txapelketaren bitartez, Arabako bertso-eskolen sareak bertsolaritzan eta euskalgintzan duen balioa agerian utzi nahi du Arabako Bertsozale Elkarteak.

2017an 35 urte beteko dira Arabako lehenengo bertso-eskolak martxan ipini zirela. Gasteizen eta Aiaraldean izan ziren aitzindariak. Aiaraldeko bertso-eskolak Laudioko Areta Tunel tabernan eman zituen bere lehenengo urratsak, 1982an. Bi arrazoi horiengatik, txapelketako aurkezpena Aretako Tunel tabernan egin du eta txapelketako irudia sare bat da.


Oier Suarez Elkarteko sustapen arduradunak eman ditu txapelketari buruzko xehetasunak. Pedro Bizkarguenagak gogoratu du bertso-eskola abiatu zuten garaia, 1982an. Eta Izar Mendiguren bertsolaria eta Aiaraldeko bertso-eskolako kideak goraipatu ditu bertso-eskolek duten garrantzia euskalgintzan, bertsolaritzan eta herrigintzan.

Otsailaren 5etik apirilaren 1era

Txapelketako lehenengo finalaurrekoa otsailaren 5ean jokatuko da, Langraizen. Eta apirilaren 1ean bukatuko da, Gasteizko Printzipal Antzokian. Sei finalaurrekoetan egituratuko da: Langraiz, Zigoitia, Dulantzi, Legutio, Laudio eta Aramaio. Seirak areto formatuan.

Hamazortzi bertsolarik parte hartuko dute; 2015eko bost finalistek eta 2016an jokatutako kanporaketetan sailkatutako hamahiruk. Sei finalaurrekoak bi itzulitan banatuko dira. Bertsolariek bi finalaurrekoetan kantatuko dute eta bi saioen arteko puntu metaketak emango die giltza finalean sartzeko. Lehenengo sei sailkatuek kantatuko dute Printzipal Antzokian.

Arabako Bertsolari Txapelketaren jarraipena era ezberdinetan egin daiteke: Arabako Bertsozale Elkartearen web gunean www.bertsozale.eus/araba, bertsolaritza kanala www.bertsoa.eus , sare sozialetan...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago