Ahaztu euskara!

Arabako Bertsozale Elkarteak ez du atsedenik hartzen gabon garaian: Arabako Lautadako Kuadrillarekin batera, abenduaren 27tik 29ra, bertso-barnetegia antolatu du, Lautadako umeentzako. Altsasun, euskara ahazteko aukera ederra izango dute parte hartzaileek.

ARTIKULUA
Irudikatzen ditugu irakurle bat baino gehiago, orain artekoa irakurrita, eskuak burura eraman eta “baina zer ari dira bertsolari hauek!” esaten… Lasai. Mezua deigarria izan arren, komeni da gauzak argi uztea: bertso-barnetegian parte hartzen duten umeek ez dute ahaztuko euskaraz hitz egiten. Ordea, posible da, beraietako askok, barnetegian dauden bitartean, euskara hitz egiten duten bitartean, euskaraz ari direla ahaztea… Eta ba al dago hori baino gauza ederragorik?


Lan handia egin da aisialdiaren esparruan euskararen erabilera areagotzeko erabili beharreko estrategien inguruan. Eskoletan D eredua orokortzeak onura handia ekarri du, baina eskolaz kanpo umeen bizitzetan giltzarri diren hainbat eta hainbat bizipenetan, euskara erdi-hankamotz daukagu oraindik.


Bertsolaritzaren esparruaren barruan, hainbat eta hainbat proposamen egin dira azken urteotan “aisialdia-euskara” binomioa xedetzat hartuta. Eta gurean ondoen funtzionatu dutenetakoak izan dira bertso-barnetegiak. Azken finean, umeek bertsoa bertatik bertara bizitzeko gune intentsiboak dira. Eta zer dakar bertsoak berarekin, ezinbestean, ia-ia konturatu gabe? Euskara. Zehar-kaltea baino, zehar-mesedea dela esango genuke, beraz. Horregatik, bertsotan aritzerakoan, euskara ahaztearen kontua.


Lehen Hezkuntzako 3. Mailatik 6. Mailarako umeek (8-11 urte) har dezakete parte barnetegian. Izena emateko aukera abenduaren 7ra arte duzue, Arabako Lautadako Kuadrillako Udaletan. Informazio gehiago nahi baduzu: araba@bertsozale.eus

IRITZI ZUTABEA
Paula Amilburu (begiralea)

GAUR
¿Hoy que vamos a hacer? – Zer? Ez zaitut ulertzen.
Honelako elkarrizketekin hasi ohi ditugu udaleku edo barnetegietako lehen egunak. Euskaraz bizitzea ez da horren erraza izaten kasu guztietan, eta horien adierazle dira aisialdian ezagutzen ditugun haurrak.  Gure lana beraz, haur horiei euskara hutsean bizi daitezkeela erakusteaz aparte, haiek konturatu gabe erakustea da.

Hori da niretzat bertso udalekuen balio berezia, euskara zeharkako erreminta bezala baliatzen dugula. Gure indarrak bertsolaritzaren ezagupenean zentratuz, nahigabean, euskaraz dabiltzala ere ez dira konturatzen.

Errima jolasak egiterakoan, ez zaie gaztelerazko errimarik erabiltzea bururatzen; bertso saioa tokatzen denean, ez zaie burutik pasatzen beste hizkuntza batean izan behar zitekeenik, eta are gehiago, askorentzat lehen aldia izaten da horrelako zerbaiten aurrean aurkitu eta benetan disfrutatzen dutenak.

Izugarri gustatzen zaidan beste momentu bat, Euskal Herriko haur ezberdinak elkartzen diren momentua da. Bakoitzak agian bere euskalkian bakarrik entzun izan du jendea, eta bat-batean hizkuntza bera hitz egiten duten baina ulertzen ez dituzten umeekin aurkitzen dira. Eta zer esanik ez euskara batuan bakarrik dakien umearen aurpegia.

Eta horrela momentu bat iristen da non gure zeharkako lan guztiak merezi izan duela konturatzen garen, tamalez askotan gazi gozoa dena:
Gaur zer egingo dugu ba? Gaur etxera goaz…



Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago