Otamendi eta Arriolabengoa sailkatu dira 2017ko Arabako txapelketarako

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2016ko urr. 31a, 12:54

Urtarrilean hasiko den 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketarako Asier Otamendi eta Andere Arriolabengoa zuzenean sailkatu dira Maeztun eta Lantziegon jokatutako 1. eta 2.kanporaketetan.

Arabako bertsogintza martxan dago. Ostiralean Maeztun eta larunbatean Lantziegon jokatu ziren 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketarako lehenengo bi sailkatze saioak; lau kanporaketa izango dira guztira. Lau saio hauetan 13 bertsolari sailkatuko dira 2017ko txapelketarako. 2013ko txapelketako finalistak sailkatuta daude zuzenean.

Maeztuko kanporaketan Uxue Diaz de Cerio gai-emailaren esanetara aritu ziren 6 bertsolari. Asier Otamendi izan zen saioaren irabazlea, beraz, zuzenean sailkatu da urtarrilean hasiko den txapelketarako. Bertsolariek lortutako puntuazioak ondorengoak izan ziren: Asier Otamendi 193 puntu, Felipe Zelaieta 153,5 puntu, Unai Bengoetxea 142 puntu, Maddalen Arrausi 121,5 puntu. Irati Anda eta Juan Mari Juaristi baja izan ziren; 6ko saioa osatzeko Julen Zulaika eta Ruben Sanchezek kantatu zuten, puntuatu gabe.

Bigarren kanporaketan, Lantziegon, Lierni Altunak jarri zituen gaiak. Andere Arriolabengoak lortu zituen puntu gehien, beraz, txapelketarako txartela lortu zuen. Bertsolariek lortutako puntuak hauexek izan ziren: 176,5 Andere Arriolabengoa, 163,5 Paula Amilburu, 162,5 Serapio Lopez, 145 Asier Rubio, 144,5 Jon Ruiz de Pinedo, 130,5 Xabi Rico

Asier Otamendi eta Andere Arriolabengoa ez ezik, Maeztun eta Lantziegon kantatu zuten beste bertsolari guztiak zain geratu dira, hurrengo 2 kanporaketetan beste bertsolariek lortzen duten puntuen arabera sailkatuko diren ala ez.

Hurrengo ostiralean, azaroak 4, 20:00etan, Izarrako kultur etxean jokatuko da 4.kanporaketa. Larunbatean, Araian azkenekoa, eta bertan argituko da sailkapen osoa.

Txapelketa 2017ko urtarrilaren 21ean aurkeztuko da eta finala apirilaren 1ean izango da, Gasteizko Printzipal Antzokian.

Kanporaketen jarraipena, bertsolarien biografia, sailkapena... bertsozale.eus web gunean jarraitzeko aukera dago, Hona hemen: Araba Bertsozale

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide