Negua badoa aurrera, eta laster hasiko dira bazterrak loratzen. 2016ko Arabako Kuadrilla artekoak, ordea, naturaren bideari kontra egingo dio, eta bere burua gordeko du, lurperatu, bi urtez atseden har dezan. 2018an itzuliko da berriz, indarberrituta.
Urtarrilaren 23an hasi, eta bost asteburuz elkartu dira bertso-kuadrillak. Izarran, Laudion, Araian eta Zalduondon, Kanpezun eta Errekaleorren, bizpahiru talde biltzeko eta kantuan aritzeko arrazoi izan da bertsoa. Eta baita esperimentatzeko arrazoi ere; bertsoei ahalik eta zukurik handiena atera nahian, era guztietako ariketa berritzaileak proposatu dituzte talde antolatzaileek: kirolarekin lotutakoak (bertsotloia, bertso-boloa, herri-kirolak bertsotan), lehiarako aukera ematen zutenak (kopla lehiaketa, bertso-guda). Bihar bertan egingo da Oionen azken-aurreko saioa, eta musikariek lagunduko diete bertsolariei kantuan. Bertsoarekin dibertitzeko modu berriak ezagutu ditugu, beraz.
Erretiratu aurretik, martxoaren 12an egingo du amaiera-festa Kuadrilla artekoak, Argantzunen, Trebiñun. Goizean hasi eta iluntzera arteko egitarauaren barruan, bertsoa eta jai-giroa izango dira nagusi. Kuadrilla artekoan parte hartu duten talde guztiek hartu dute bertan egoteko konpromisoa, horixe baita amaierako egunaren helburua: Arabako bertso-mugimendu osoa leku batean kontzentratzea. Ez etorkizunaz hausnartzeko edo txapelketa baten finala ikusteko; kantuan egiteko, eta kantuan eginez ondo pasatzeko. Eta noski: kuadrilla artekoan parte hartu ez dutenentzat ere deialdia irekita dago.
Goizeko 11:30ean dute taldeek hitzordua, Argantzuneko plazan. Ordutik aurrera, atsedenik ez: goizean bertso-erronkak, bazkalostean saio musikatua eta bertso-guda, eta arratsalde-iluntzean Orkresta elektrotxaranga eta bertso-ragga. Tartean, txosna, bazkaria, eta giro paregabea. Lurperatu aurreko azken bertso-ostikoak emateko aukera hoberik ez dago.
MARTXOAK 12, ARGANTZUN
11:00etan, Autobusa Gasteizko Iparralde Gizarte Etxean 11:30ean, Argantzungo plazan, hitzordua
12:00etan, Herri osoan zehar. Bat-bateko eta idatzizko taldeekin erronkak
14:30ean, Bazkaria, plazan (Eguraldi txarra eginez gero frontoian) Bazkarian (12€) izena emateko deitu Arabako Bertsozale Elkartera: 675 70 79 71
16:30ean, Bertso-saio musikatua 17:15ean, Bertso-guda
18:30ean, ORKRESTA Elektrotxaranga herrian zehar
20:30ean, Bertso-ragga, Ansotegi tabernan