Maite-Arai zein Erkiaga-Del Rio bikoteek lortu dute Araba Euskaraz Jai Alai Master Serieseko finaletara sailkatzea.

Erabiltzailearen aurpegia Araba Euskaraz 2025ko mar. 17a, 15:06

Erabakita geratu dira, datorren ostiralean, martxoaren 21ean, Gasteizko Olabe pilotalekuan, arratsaldeko zazpiretatik aurrera jokatuko diren Araba Euskaraz Jai Alai Master Serieseko bi finalak. Nesken kategorian, pasa den astean sailkatzea lortu zuten Elaia eta Mailaenek, Maite eta Arairen aurka lehiatuko dira txapela eta ligarako baliagarriak diren puntuen bila. Bestetik, mutiletan, Erkiaga-Del Rio bikoteak iazko garaipena errepikatzen saiatuko dira Urreisti eta Lekerikaren aurka.

Emakumezkoen finalerdian nagusitasuna erakutsi dute Maite Ortiz de Mendinbil arabarrak aurreko kuadroetan eta Arai Lejardi bizkaitarrak atzekoetan, Oihana Sorozabal lapurtarra eta Frida Watkins gipuzkoarrak osatutako bikoteari gailentzeko. Maitek eta Araik 15-6 eta 15-12 irabazi dute beraien finalerdia. Aurkariek denbora asko behar izan dute kantxan sartzeko, eta hori aprobetxatu du Maite-Arai bikoteak markagailuan alde egin eta lehen seta irabazteko. Bigarren seta borrokotaugoa izan da bi bikoteen artean baina garaipena alde beretik etorri da lau puntisten joko ikusgarriarekin.

Gizonezkoetan, Araba Euskaraz Jai Alai Master Seriesaren egungo txapeldunak, Erkiagak eta Del Riok lortu dute finalerako txartela hiru setetan aurkaria gainditu eta gero. Barandika eta Zabalari gailendu dira lehen setean (15-7) Erkiaga eta Del Rio. Azken hiru hilabeteetan geldi egon den motorea berotzen joan da Del Rio bere bikotea Erkiagak era guztietako sahietsekin ikusleak gozarazi dituen bitartean. Bigarren setean, Barandika-Zabala bikotea hirukotean bilakatu da Xabi Barandikak min hartu duelako markagailua bosna joanda. Hiru hilabetez Estatu Batuetan jokatzen izan den Aaron arabarrak ordezkatu du bizkaitarra eta barruan daraman alde on guztia erakutsi ahal izan du.  Kantxaratu berritan, bikote berriak egindako hasiera irregular batek atzetik joanarazi ditu markagailuan. Ondoren, Zabala ondo kokatu da, eta Aaronek meritu handiko jokaldiak egin ditu. Hanketatik oso ondo ibili da, eta, elkarrekin, 14 eta 15 irabazi dute bigarren seta ikusleen txalo bizien artean.  Hirugarren eta behin betiko setean, Erkiagak bere makilatxo magikoarekin eta Del Riok bere kanoikadekin ondo finkatuta kantxan, 5-0eko akats gabeko emaitza ikaragarriarekin lortu dute finalerako txartela.

Finaletarako sarrerak ON LINE

MARTXOAK 21 - OSTIRALA

[Gasteizko Olabe pilotalekuan]

ORDUTEGIA:

  • 18:00 Leihatilaren irekiera
  • 18:15 Frontoiko ateen irekiera
  • 18:30 Gasteiz Jai Alaiko umeen kiniela
  • 19:00 Lehen finala
  • 20:15 Bigarren finala

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago